Gizartea -
polizia operazioa
Kontrabandoko tabakoa ekoizteko eta banatzeko Europako sare handiena desegin dute Hego Euskal Herrian
Operazioan 16 pertsona atxilotu dituzte, eta 4,5 milioi tabako pakete eta 31 tona tabakorri eta tabako xehe atzeman dituzte EAEko eta Nafarroako hainbat industria nabetan. Tabakoa ekoizteko lantegi bat ere bazuen sareak, egunero milioi bat zigarro egiteko gai zena.
EITB Media
Kontrabandoko tabakoa egiteko eta banatzeko Europako sare handiena desegin dute Hego Euskal Herrian, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eta Guardia Zibilak elkarrekin egindako operazio batean. Gaizkile taldea Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako hainbat industria nabetan aritzen zen, eta bertan kontrabandoko material ugari topatu dute. Zehazki, 4,5 milioi tabako pakete eta 31 tona tabakorri eta tabako xehe atzeman dituzte.
Guztira, 16 pertsona atxilotu dituzte sarearekin zerikusia dutelakoan, eta zazpi delitu egotzi dizkiete: kontrabando delitua, gaizkile taldeko kide izatea, pertsonen salerosketa egitea, eta langileen eskubideen, industria jabetzaren, ogasunaren eta osasun publikoaren kontrako delituak. 10 atxiloketa Aldatzen (Larraun, Nafarroa) egin dituzte, bi Iruñean, eta beste bi, Urnietan. Gainerako biak Europar Batasuneko beste herrialde batean atxilotu dituzte.
Ikertzaileek jarduera susmagarriak antzeman zituzten Iruñerriko eta Aralar eskualdeko hainbat nekazaritza eta ganadu ustiategitan, eta orduan abiatu zuten "Baserria/Trampantojo" izena jarri dioten operazioa.
Agenteek deskubritu dutenez, Aldatz herrian (Larraun, Nafarroa) tabakoa ekoizteko lantegi bat zuen sareak. Egunero, milioi bat zigarro eta hilean hiru milioi tabako pakete egiteko gai ziren bertan. Horrez gain, biltegiak topatu dituzte Urnietan eta Adunan (Gipuzkoa), eta Elortzen eta Atarrabian (Nafarroa).
Ikertzaileen arabera, 80 milioi euroko irabaziak lortu ditu sareak martxan egon den tartean.
Sareko buruzagi eta kideez gain, kamioilari bat ere atxilotu du Guardia Zibilak. 7,2 tona tabako, 300.000 tabako pakete inguru, zeramatzan ibilgailuan, saltzeko prest.
Horrez gain, Nafarroan miatutako nabeetako batean, zazpi langile topatu dituzte. Egunero 10-12 orduko lanaldiak egitera behartzen zituzten, eta ez zieten lantegitik ateratzen uzten. Izan ere, gunea guztiz itxita zuten, bunkerra bailitzan, eta zegoen irteera bakarra giltzarrapo batekin zarratuta zeukaten.