Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Hezkuntza Legearen harira dagoen "zarata" gorabehera, "itun politiko historikoa" defendatu du Bildarratzek

Zalantzak agertu dituzten alderdi eta sindikatuak entzuten eta eurekin lan egiten jarraituko duela berretsi du Hezkuntza sailburuak, eta Legebiltzarrak apirilean gehiengo handiarekin onartutako akordioari zor zaiola azpimarratu: "Akordioa ezin da hautsi, sinatuta dago, hura bermatzea da kontua".

Bildarratz, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Bildarratz, elkarrizketaren une batean.
Bildarratz, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aitortu duenez, "zarata handia" dago Hezkuntza Legearen harira, baina hori gorabehera, apirilean Eusko Legebiltzarreko taldeen % 90ek baino gehiagok —EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk izenpetu zuten— lortutako "itun politiko historikoa" aldarrikatu du, eta horri zor zaiola erantsi. 

Legearen aurreproiektuaren zirriborroaren kontra ELAk, LABek eta Steilasek deitutako greben biharamunean egin ditu adierazpenok Hezkuntza sailburuak. Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan esan duenez, atzoko lanuzteak "jarraipen oso eskasa" izan zuen, eskoletako zuzendaritzek bidalitako datuen arabera, "3 irakasletik 2 lanean egon zirelako". Bildarratzen iritzian, grebak "familiei eta ikasleei egin zien kaltea". 

Bestalde, Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bildu taldeek (biak ala biak itunaren sinatzaile) egindako kritikak eta helarazitako zalantzak hizpide, Bildarratzek azpimarratu du "datozen urteetako euskal hezkuntzaren etorkizuna finkatzen" ari direla, eta "gai oinarrizko eta estrategikoa" izanik, "normala" dela zalantzak izatea, "batez ere aurrekanpaina giroan". Horren aurrean, "ahalegin berezia egin, eta eskua luzatzea" egokitzen dela adierazi du, eta hala, alderdiekin eta sindikatuekin bilerak "sarri" egiten dituztela argitu du. 

"Akordioa ezin da hautsi, sinatuta dago, hura bermatzea da kontua", nabarmendu du Elkarrekin Podemos-IUk leporatutakoei erantzunez. 

Azkenik, EH Bilduk itunaren jarraipen batzordea biltzeko egindako eskaeraren harira, "bideratuta" dagoela eman du aditzera, gehiago zehaztu gabe. Izan ere, azpimarratu duenez, "modu diskretuan" kudeatuko dute afera. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Grebak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak