Gizartea -
Larri zauritu zen bizikletan
Lekuko batek dio Legazpiko adingabeari 'iseka egin ohi' ziotela
Emakume legazpiarrak adingabearen istripua ikusi zuen, eta azaldu duenez, biktimak "bazekien freno gabe zihoala" eta ez zen lehenengo aldia aldapa horrela jaisten zuela.
Erredakzioa
Aurreko ostiralean bizikletako frenoak moztuta larri zauritu zen Legazpiko (Gipuzkoa) mutikoak "bazekien frenorik gabe zihoala" eta ez zen lehenengo aldia aldapa horrela jaisten zuela, istripuaren lekuko batek jakitera eman duenez.
Hala ere, emakume legazpiarrak esan du ezbeharra gertatu zen egunean "auto bat" zegoela aldapan eta adingabeak "ezin" izan zuela "ohiko ibilbidea egin".
Europa Press albiste-agentziari azaldu dionez, zauritutako adingabea eta ustezko erasotzaileak ezagutzen ditu, eta ez omen da "gertatzen den lehenengo aldia", baina aldi horretan "oso zorte txarra izan zuten". Hori dela eta, jendea adingabeen eta haien senideen kontra gogorregi jotzen ari dela salatu du.
Bizilagun horrek biktimaren eta auzipetutako bi adingabeen arteko harremanari buruz esan du ez lituzkeela "adiskidetzat" joko, "ikaskidetzat" baizik. "Azpikerian" ibili zaizkiola esan du eta, gainera, Daneli, biktimari, "iseka egin ohi" ziotela baieztatu du.
Biktimaren bi ikaskide horiei lesio-delitua egotzi diete eta laster deklaratu beharko dute fiskalaren aurrean.