Gizartea -

KRISIA OSAKIDETZAN

Sagarduik esan du, iritziak gorabehera, uneren batean "finkatu eta taldeak bidea egin behar duela"

EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs alderdiek Sagarduiren agerraldia eskatu zuten Eusko Legebiltzarrean, Donostialdeko ESIko kargugabetze eta dimisioen ondoren. Sailburuak esandakoak, baina, ez ditu taldeak asebete.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Irudia: EITB Media
Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Irudia: EITB Media
Gotzone Sagarduik ziurtatu du Donostialdeko ESIko krisia ''normaltasunera bidean'' doala

2:08

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Donostialdeko ESIko kargugabetzeei eta dimisioei buruzko azalpenak eman ditu astelehen honetan Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Besteak beste, adierazi du iritzi eta ikuspuntu desberdinak egon daitezkeen arren, "momenturen batean finkatu eta taldeak bidea egiten jarraitu" behar duela.

Gainera, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia eta Gipuzkoako zerbitzuburuak gaur goizean egiten ari diren bileraren harira, sailburuak azpimarratu du "elkarrizketa hasi besterik ez dela egin", eta "bere bidea egiten" utzi behar zaiola. "Normaltasunerako bidea jarrita dago", adierazi du.

EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs-ek Sagarduiri Osakidetzako krisiari buruzko azalpenak emateko eskatu ostean, Osasun sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta ostiraleko kontrol saioan egin moduan, berretsi egin du bi kargugabetzeak Osakidetzaren ereduarekin bat ez zetorrelako izan zela. "Erakundeak eta ikuspegiak bere osotasunean partekatu behar dira", gaineratu du.

Sagarduiren arabera, gaur zerbitzuburuak eta Osakidetzako zuzendariak egiten ari diren bileraren helburua "arazoei eta proposamenei elkarrizketa bidez heltzea" da. Bestalde, sailburuak uste du ESIn egiten ari diren aldarrikapenak bat datozela Osakidetza osoaren aldarrikapenekin, "LEPen ereduari edo plazei eta deszentralizazioari" egiten baitie erreferentzia, besteak beste, Sagarduik esan duenez.

Hala ere, sailburuaren azalpenak ez ditu taldeak konbentzitu, guztiak bat etorri baitira esatean ez dituela beharrezko azalpenak eman, eta ez diela taldeen galderei eta zalantzei erantzun. Hala, gardentasuna eta aldaketa sakonak eskatu dituzte.

Rebeka Uberaren (EH Bildu) iritziz, ESI honetan ez da soilik arazoi hori izan, arazo asko izan baitira. "Argitasuna eta gardentasuna" eskatu dizkio Sagarduiri, eta esan dio Osakidetzak "konponbideak jarri behar dituela, arazoak sortu beharrean".

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak kritikatu du sailburuak ez duela erantzun talde guztiek eskatutako galdera "zehatzari".

Laura Garrido PPko kideak ere esan du aurrekaririk gabeko krisi honen aurrean ihesi dabilela sailburua: "Horrela ezin da jarraitu. Noraezean dabilen itsasontzi batekin eta zuzentzeko gai den kapitainik gabe", zehaztu du. Amaia Martinez Voxeko parlamentariak ere erantzun gutxi eta argitasun eta gardentasun falta egotzi dizkio Sagarduiri.

Gobernuan dauden alderdietatik, Luis Javier Telleriak (EAJ) uste du izendapenak eta kargugabetzeak ohikoak direla, eta, beraz, "gertatutakoa goraipatzeak ez du logikarik". Ekain Rico (PSE), berriz, pozik agertu da zerbitzuburuekin elkarrizketa hasi delako, hori delako "edozein gatazka konpontzeko bidea".

Bestalde, eta karguaren zina egin zuenetik hamar urte bete direnean, Iñigo Urkullu lehendakariak elkarrizketa eskaini du ETB1en eta Euskadi Irratian gaur goizean, eta Osakidetzako krisiaren inguruan ere galdetu diote. Aitortu duenez, "agian, komunikazio arazoa" izan da barne egituran, eta "autokritikarako prest" agertu da.

Halere, "osasun arreta bermatuta" dagoela ziurtatu du, eta gaineratu du Osakidetzarako proposatzen ari diren berrantolaketaren helburua "inola ere" ez dela "aurreztea". Areago, esku artean duten estrategian "erronka gehiago" eta "baliabide gehiago" jartzea aurreikusten ari direla zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euskadiko Osasuna Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Araba Eusko Jaurlaritza Gaurko azken ordukoa