Gizartea -
Bai bakarrik da bai legea
Aske, Gorenak 2019an Gasteizen adingabeei abusuak egiteagatik ezarritako zigorra murriztu ostean
Aurreko astean, Gorenak erabaki zuen gizon horri ezarritako zigorra bederatzi urte eta erditik lau urte eta erdira jaistea, izotz-pista batean patinatzen ari zirela ukituak egin zizkielako 16 urtetik beherako lau neskatori eta adineko emakume bati.
Agentziak | EITB Media
Arabako Auzitegiak aske utzi du 2019an Gasteizko izotz-pista batean patinatzen ari ziren hainbat adingaberi ukituak egiteagatik bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten gizona. Auzitegi Gorenak lau urte eta erdira jaitsi zion zigorra "Bai bakarrik da bai" legea aplikatuta.
Arabako Auzitegiko Bigarren Sekzioak ebazpen bat eman du gaur gizon hori aske uzteko zigorra bete duelako, eta aske uzteko agindua eman dio Arabako kartzelako zuzendariari, 2019ko abenduaren 23an espetxeratu baitzuten.
Joan den astean, Auzitegi Gorenak erabaki zuen gizon horren zigorra bederatzi urte eta erditik lau urte eta erdira jaistea, 2019ko abenduaren 22an Gasteizko izotz-pista batean patinatzen ari ziren bitartean ukituak egin baitzizkien 16 urtetik beherako lau neskatori eta adineko beste bati. Horrela, lege berria aplikatu diote, zigortuarentzat onuragarriagoa baita.
Lehen zigor murrizketa Nafarroan
Bestalde, Nafarroako Lurralde Auzitegiko Lehen Sekzioak zigor baten lehen murrizketa erabaki du Foru erkidegoan, sexu-askatasunaren berme integralari buruzko lege berria indarrean sartu ondoren. 7 urtetik 5 urte eta 3 hilabetera jaitsi du sexu abusu delitu jarraitua egiteagatik ezarritako zigorra.
Auzitegi berak, beste alde batetik, beste bi berrikuspen eskaera atzera bota ditu. Horietako bati 14 urte eta 3 hilabeteko zigorra ezarri zioten, eta 13 urte eta 9 hilabetean zigorra uztea eskatu zuen. Besteari, berriz, 9 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, eta 6 urtera jaisteko eskatu zuen.
Hiru ebazpen judizialen aurka helegitea aurkez daiteke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, auzitegi horretako iturriek jakitera eman dutenez.