Gizartea -
Eguraldi iragarpena
Urteko azken astea zeru hodeitsuekin eta tenperatura freskoagoekin hasiko da
Astelehenean euri apur bat egin dezake tarteka. Tenperaturak behera egingo du zertxobait eta haizeak ahul-bizi joko du hegoaldetik, bolada gogorrekin, baina goizean mendebalde edo ipar-mendebaldera egingo du, euri aukera areagotuz.
EITB Media
Eguberrietan tenperatura epelak eta eguzki ordu asko izan ondoren, urteko azken astea freskoago abiatuko da, zerua hodeitsu egongo da, eta tarteka, euri apur bat egin dezake han-hemenka.
Astelehen honetan tenperatura maximoek behera egingo dute, eta hegoaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, baina goizean mendebalde edo ipar-mendebaldera egingo du, arratsaldean ahul geratu arte, eta une horretan euria egiteko aukera handitu egingo da.
Hegoaldean, hodeiak hautsiago iritsiko dira, eta ez du euririk egingo; Ebro bailarako zenbait lekutan eguzkitsu egongo da.
Astelehenerako aurreikusitako tenperatura minimoak 12 gradukoak dira Bilbon; 10ekoak, Donostian eta 6koak Gasteizen; beroenak, berriz, 16 gradukoak izango dira Gipuzkoako hiriburuan eta Bizkaikoan; eta 12koak, Arabakoan, Euskalmetek jakinarazi duenez.
Itsasoaren egoerari dagokionez, hego-osagaiko haizea ibiliko da 3-4ko indarrarekin, eta itsaso kizkurra eragingo du. Mendebalde edo ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.
Astearterako, zerua hodeitsu egongo da, eta euri apur bat egin dezake. Tenperaturek berdintsu jarraituko dute, eta haizea ahula eta aldakorra izango da.