Gizartea -
Ekitaldia Hernanin
Lukas Agirreren ama: "Bihotza hautsita daukat"
Gaztearen amak adierazi du "kosta" egingo zaiola eta "denbora" beharko duela Lukasek utzitako hutsunea betetzeko, baina "beste bi seme on eta zoragarri" dituela, "Ximon eta Manu, horien alde borrokatzeko".
Agentziak | EITB Media
Joan den igandean Donostiako Okendo plazan labankadaz hil zuten Lukas Agirre Izko 24 urteko gaztearen senide, lagun eta hurbilekoek agur esan diote Hernanin (Gipuzkoa), ekitaldi hunkigarri batean.
Bertako Udalak ere bat egin du ekitaldiarekin, Xabier Lertxundi alkatea buru zuela. Ekitaldia 18:30ean hasi da, udaletxe aurreko Gudarien plazan, eta ehunka lagunek hartu dute parte.
Ekitaldian, gaztearen neba-arrebak eta ama egon dira, eta azken horrek hitza hartu du. Hunkituta eta malko artean, "bihotza hautsita" duela esan du, eta "kosta" egingo zaiola eta "denbora" beharko duela Lukasek utzitako hutsunea betetzeko, baina "beste bi seme on eta zoragarri" dituela, "Ximon eta Manu, horien alde borrokatzeko". Gainera, eskerrak eman ditu une triste eta "zail" hauetan jasotako babesagatik.
Omenaldiak 15 minutuko iraupena izan du, eta 24 urteko gazteari gustatzen zitzaizkion abestiak entzun dira. Bere lagun batek ere hartu du hitza, eta 'beti gurekin' zioen pankarta zabaldu du. Partekatutako "bizipenak eta algarak" gogora ekarri ditu, eta Lukas kuadrillako "puzzlearen pieza beti izango dela" esan du. "Maite zaitugu, atseden hartu bakean", erantsi du.
Ekitaldia amaitzeko, minutu bateko isilunea eta txalo zaparrada izan da.