Gizartea -
koronabirusa
Covid-19ak eragindako hildako eta ZIUko ospitaleratze kopuruek behera egin dute urteko azken astean EAEn
Bi erakusleen kasuetan, kasu bat murriztu da aurreko asteko zifra. Gainera, kasu positiboak ere nabarmen murriztu dira aurreko astetik, 277 gutxiago zenbatu baitira.
eitb media
Covid-19 gaitzak eragindako 17 hildako izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) abenduaren 26tik urtarrilaren 1era bitarteko astean, eta 165 pertsona daude ospitaleratuta; horietako 11, ZIUn, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan argitaratutako buletin epidemiologikoaren arabera. Bai hildako kopuruan bai unitate berezietan dauden pertsonen kasuan, kasu bat murriztu da aurreko asteko zifra.
Guztira, koronabirusaren 567 kasu positibo antzeman dira EAEn azken astean, aurrekoari dagokionez nabarmen murriztuta, 277 gutxiago hain zuzen. 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatuari dagokionez, 101,86 kasukoa da, aurreko astean 132,96 kasukoa izan zelarik.
Lurraldeka, Arabako 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 86,31 kasukoa da (aurreko astean 115,39 kasukoa); Bizkaikoa, 112,66 kasukoa (144,22); eta Gipuzkoakoa, 88,89 kasukoa (119,35). Hiriburuetan, Gasteizko intzidentzia metatua 89,98 kasukoa da (duela astebete 124,68); Bilbokoa, 137,16 kasukoa (168,97); eta Donostiakoa, 84,03 kasukoa (106,54).