Gizartea -
Atxiloketak
Bi lagun atxilotuta Irungo kalamu elkarte batean, bazkideak ez diren hainbati kontsumoa ahalbidetzeagatik
Elkarteko presidentea eta idazkaria dira. Espainiako Poliziak gauzatu du operazioa, 2022ko udaran hasitako ikerketa bat burututa.
EITB MEDIA
Irungo kalamu elkarteko presidentea eta idazkaria atxilotu dituzte, bazkideak ez diren hainbat herritarri drogak kontsumitzea ahalbidetzeagatik, Espainiako Poliziak gauzatutako operazio batean. Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak ohar bidez jakitera eman duenez, Espainiako Poliziak elkarteko zuzendaritza batza atxilotu du, alegia, presidentea eta idazkaria, bi delitu ustez egiteagatik; hain zuzen ere, legez kontra elkartzea eta osasun publikoaren kontrako delitua.
Ikerketa 2022ko udaran hasi ziren; ikertzaileek antzeman zuten bazkideek ez ezik beste herritar batzuek ere bisitatzen zutela elkartea, substantzia estupefazienteak eskuratzeko. Ikerketan, agenteek bidean atzeman zituzten bazkideak ez ziren 12 pertsona, elkartean marihuana edo haxixa eskuratuta; gerora, droga beste toki batean eta elkartearekin loturarik ez zuten beste pertsona batzuekin kontsumitzen zuten.
Ondorioztatu zutenez, kalamu elkarteko arduradunek legez kontra elkartzea eta osasun publikoaren kontrako delitua ari ziren gauzatzen; izan ere, elkartea legez eratu eta erregistratu zuten, baina horren helburua ez zetorren bat jarduteko moduarekin, kontuan izanik elkartearekin loturarik ez duten herritar batzuen artean droga toxikoen edo estupefazienteen kontsumoa bultzatu, ahalbidetu eta errazten ari zela.
Hori dela eta, abenduaren 28an, Espainiako Poliziak Irunen dituen agente batzuek bi ikertuak atxilotu zituzten, eta elkarteko egoitzan sartu zuren, miaketa egin nahian. Kontsumorako prest zeuden marihuana kukulu batzuk konfiskatu zituzten (kilo bat baino gehiago), 300 gramo haxix baino gehiago, eta haxixa egiteko baliatzen zuten prentsa hidrauliko bat.