Gizartea -

EGURALDIA

Abisu horiak haize gogorragatik eta olatu handiengatik asteburuan EAEn

100 km/h-tik gorako haize boladak espero dira haizeguneetan eta 80 km/h-koak, ostera, haizegune ez direnetan. Bestalde, astelehenera arte luzatu dute olatuengatik ezarritako abisua.

Haizea Getxoko Arrigunaga hondartzan. Artxiboko argazkia: EFE
Haizea Getxoko Arrigunaga hondartzan. Artxiboko argazkia: EFE
Loiun lur hartzekoak ziren hiru hegaldi desbideratu behar izan dituzte haizeagatik

01:26

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisua horia ezarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, haizeagatik. 131 km/h haize boladak jaso dituzte Matxitxakon, eta 100 km/h-tik gorakoak espero dira haizeguneetan.

Haizegune ez direnetan, ostera, 80 km/h-ko haize ufadak aurreikusten dira, eta abisua 03:00etatik eguerdira arte luzatuko da.

Horren harira, eta olatuen abisuagatik, Donostiako Pasealeku Berria itxi dute autoentzako eta oinezkoentzako larunbat honetako 18:00etatik datorren asteartera arte. Donostiako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Zurriolako espigoiarako eta Haizearen Orrazirako sarrerak ere egongo dira itxita.

Igandeari begira, haizeari dagokion abisuari kostaldeko inpaktuarena eta olatuen altuerarena gehitu behar zaio. 100 km/h-tik gorako haize boladak neurtuko dira haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendietan, eta, ondorioz, abisu horia indarrean egongo da gauerditik eguerdira. Haizegune ez direnetan, berriz, 60-80 km/h-ko abiadura hartuko du, Bizkaian batez ere.

Bestalde, beste bi abisu hori ere izango dira igandean: olatuen altueragatik eta kostaldeko inpaktuagatik. Euskalmeten iragarpenaren arabera, baliteke 5 metrorainoko olatuak altxatzea, batez ere egunaren erdialdean. Halaber, itsasgorarekin bat eginez aktibatuko dira abisu horiak: 04:00etatik 07:00etara eta 16:00etatik 19: 00etara. Lehenengo itsasgoran 3 eta 3,5 metro arteko olatuak espero dira; bigarrenean, 4 eta 4,5 metro artekoak.

Astelehenera arte luzatu dute olatu handien abisua. Izan ere, 4,5 metrora arteko olatuak espero dira, baina arratsaldean baretzera joko omen du. 

Eguraldiaren iragarpena

Gainerakoan, Euskalmeten iragarpenaren arabera, larunbat goizaldean zerua nahiko garbi egongo da oraindik, baina goizean zehar hodeiak ugarituz joango dira eta eguerditik aurrera zerua oso hodeitsu egongo da. Noizbehinka euria egingo du, gauean sarriago eta ugariago. Hego-haize indartsuari esker, Kantauri isurialdean giroak epel jarraituko du. Hego-ekialdean tenperatura maximoak jaitsiko dira ziurrenik; han laino trinkoa agertuko delako goizean.

Igandean, berriz, euria egingo du denean. Zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du, egunaren bigarren partean sarriago eta ugariago. Eguraldia aldatu arren, tenperaturak gora egingo du, batez ere minimoek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Alerta meteorologikoak Eguraldia Bilbao Gizartea bideoak Gaurko titularrak Albisteak EAE