Gizartea -
Pasaia
Pasaian hustutako eraikina eskoratzen hasi dira
Alkateak azaldu duenez, "kaltea larria da". Zazpi solairuko eta 28 etxebizitzako eraikinerako sarbidea zigilatuta geratu da, eta oraingoz bizilagunetako inork ezin izango du etxera itzuli.
EITB Media
Pasaian hustutako eraikineko bizilagunak ezin izango dira oraingoz beren etxebizitzetara itzuli, "a priori, kaltea larria baita". Izaskun Gomez Pasaiako alkateak ziurtatu duenez.
Izan ere, suhiltzaileek eta udal arkitektoak lehen ikuskapena egin ondoren, egituretan aditua den bati galdetu diote, eta, hark esan, eraikina eskoratzea "premiazkoa" dela eta ezin dela astelehenera arte itxaron. Hori dela eta, Udala eraikuntza lanetan diharduen enpresa batekin harremanetan jarri da, eta langileak, arkitekto batekin batera, gaur goizean bertan hasi dira eraikina eskoratzeko lanetan.
Gertakaria ostiralean izan zen, 19:15 aldera, Antxoko Blas de Lezo kaleko 6. zenbakian dagoen zazpi solairu eta 28 etxebizitzako eraikin batean. Bizilagunek burrunba handia entzun zuten, antza denez, habe nagusietako bat hautsi egin delako oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik.
Suhiltzaileak eta ertzainak bertaratu ziremn, baita Udaltzaingoko kideak eta Udal arkitektoa ere.
Donostiako suhiltzaileen iturriek ostiarelan azaldu zutenez, badirudi higiezinaren zutabeetako batek "pixka bat eman" duela, eta orain beharrezkoa da egiturazko akats hori zerk eragin duen aztertzea eta "neurri zuzentzaileak" aztertzea.
Guztira, 42 pertsona atera dituzte etxetik; horietako hamahiruk Oiartzungo Lintzirin auzoan igaro dute gaua, eta gainerakoek senide eta hurbilekoekin.
Eraikinerako sarbidea zigilatuta geratu da, eta oraingoz bizilagunetako inork ezin izango du etxera itzuli.