Gizartea -
Arartekoaren ikerketa
'Politikariek krisiak giza eskubideak urratzea saihestu behar dute'
Iñigo Lamarca arartekoak krisi garaietan ere giza eskubideen aldeko apustua egin dezaten eskatu die politikariei.
Erredakzioa
Arartekoak gaur esan duenez, botere publikoen “erantzukizuna da krisi ekonomikoa giza eskubideen krisia bihurtzea saihestea” eta murrizketak justifikatzea, “baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatuz”.
Iñigo Lamarca arartekoak hainbat gomendio eman ditu “Giza eskubideak politika publikoen oinarri gisa krisi ekonomiko garaian” izeneko ikerketan. Bertan dioenez, politikariek giza eskubideen aldeko “apustu argia” egin behar dute, eta ez adierazpen publiko hutsak.
“Osasuna, hezkuntza, etxebizitza, hezkuntza edo adierazpen askatasuna giza eskubideak diren edo egoera ekonomikoa ona den garaietan baino gozatu ezin diren pribilegioak diren jakiteko unea heldu da”, nabarmentzen du arartekoaren txostenak.
Hori dela eta, “finantza sistemaren saneamendua, arrisku-saria murriztea eta defizitaren helburuak betetzea ez dira giza eskubideak urratuz lortu behar”, ohartarazi du.
Gomendioak ere eman ditu; Konstituzioak aitortzen dituen eskubideak nazioarteko zuzenbidearen “berme handiena” duten parametroetara egokitu behar direla, eta “gizarte politikak beharrezko tresnak” direla, “pertsona guztiek eskubide sozioekonomikoak izan ditzaten”, besteak beste.
Administrazio batek eskubide jakin batzuen gaineko neurri atzerakorrak hartu behar baditu, erabaki horrek izango duen eraginari buruzko ikerketa bat egin eta argitaratu beharko du.
Eskubide zibilak, bereziki bilera eta asoziazio eskubideak, administrazioek giza eskubideak errespetatu behar dituztela erakusten duten “hiritarren bermeak” dira.
Amaitzeko, Lamarcak nabarmentzen du “gobernantza onak” hiritarrei xehetasunezko informazioa helaraztea eskatzen duela, eta eurei eragiten dien erabakietan berdintasunez parte hartzea.