Gizartea -
gertakariak
Espetxeratu egin dute Gasteizen arma zuriz hainbat lapurreta egiteagatik atxilotutako gaztea
Zortzi delitu egozten zaizkio farmazietan lapurtzeagatik, beste bi gasolindegietan lapurtzeagatik, beste bat estanko batean lapurtzeagatik eta beste bat supermerkatu batean, baita zerbitzugune batean ebasteagatik.
agentziak | eitb media
Pasa den ostegunean Gasteizko saltokietan ustez arma zuriz dozena bat lapurreta egiteagatik atxilotutako 24 urteko gazte bat espetxeratu dute gaur, larunbata, epailearen aginduz. Gizonak bakarrik jarduten zuen eta modus operandi berarekin.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, azaroaren 10etik aurrera hiriburuko hainbat dendetan egindako dozena bat lapurreta egotzi dizkiote: farmazietan larderiaz egindako zortzi lapurreta, bi lapurreta gasolindegietan, bat estanko batean eta beste bat supermerkatu batean, bai eta zerbitzugune batean egindako ebasketa bat ere.
Gizonak sistema bera erabiltzen zuen lapurreta guztietan: aurpegia estalita eta arma zuri batekin sartzen zen establezimenduetara. Gehienak lokalak ixteko orduan egiten zituen, dirua batzeko unean, hain zuzen.
Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak elkarlanean egindako ikerketa baten ondoren, ostegunean atxilotu zuten, eta gaur espetxeratu dute, guardiako epaitegiak aginduta.
Halaber, 2020an hiriko beste hainbat botikatan izandako antzeko hiru eraso ere egotzi dizkiote.