Gizartea -

EGURALDIA

Abisu horia tenperatura minimoengatik eta izotzagatik egunaren hasieran eta amaieran

Izotzagatik ezarritako abisu horia 10:00ak arte egongo da indarrean eta 20:00etatik 24:00etara ere bai, Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean. EAEko mendialdeetan, berriz, egun osoan zehar.

Izotza Olarizun (Gasteiz). Argazkia: EFE
Izotza Olarizun (Gasteiz). Argazkia: EFE
Izotza Olarizun (Gasteiz). Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzoko bide beretik, igandea ere oso hotza izango da Euskal Herrian.

Euskalmetek abisu horia ezarri du Gipuzkoako barnealdean eta kostaldean 00:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 24:00etara. EAEko mendi inguruetan abisu horia egun osoan egongo da indarrean.

Nafarroan, AEMETek ere abisu horia ezarri du Kantauri isurialdeko inguruan eta Pirinio aldean, tenperatura baxuengatik. Kostaldetik gertueneko inguruan minimoak -4 ingurukoak izango dira 09:00ak arte. Pirinioetan, berriz, -6 gradukoak 09:00ak arte eta -7 gradukoak 20:00etatik 24: 00ak arte.

Euskalmetek zabaldutako datuen arabera, 08:00etan -5,3 gradu zeuden Herreran, -3,5 Miramonen (Donostia) eta Zarautzen eta -2,3 Ordizian; Agurainen, berriz, -1,7 gradu zeuden atzo gutxieneko tenperaturaren errekorra izan zen herrian, -8,6 gradu, hain zuzen ere.

Eusko Jaurlaritzak asteburuan mendira ez joatea aholkatu du elur-geruzaren gainean izotz-plakak sor daitezkeelako. Elur asko egiten duenean jende eta familia ugari hurbiltzen dira mendira elurra zapaltzera, baina uneotan egoera arriskutsua denez, asteburu honetan mendira ez joatea eskatu dute.

Kontuan izan behar da, bestalde, elur jausi arriskua dagoela Pirinioetan.  

Astelehenean elurra itzuliko da. Alde batetik, abisu horia egongo da elurteengatik 06:00etatik 24:00etara, eta beste abisu hori bat izotzagatik 00:00etatik 10:00etara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak