Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Jaurlaritza prest legoke beste baliabide osagarri batzuk bilatzeko Arana zentroko plazak jaisteko
Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak azpimarratu duenez, errefuxiatuak ondo artatzeko "tamaina inportantea" da eta Gasteizko 'makrozentroa' ez da orain arte bi administrazioek "partekatu" duten eredua.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak nabarmendu duenez, Jaurlaritza prest legoke pertsona errefuxiatuak hartzeko beste baliabide osagarri batzuk bilatu eta atontzeko, eta hala, Gasteizen, Arana klinikaren eraikinean, Espainiako Gobernuak egin asmo duen nazioarteko zentroaren plazak gutxitu (berez, 350 pertsonentzako lekua aurreikusi dute).
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean Amilibiak azaldu duenez, errefuxiatuak ondo artatzeko "tamaina inportantea" da eta, ildo horretan, Gasteizko 'makrozentroa' ez da orain arte bi administrazioek "partekatu" duten eredua. "Orain arte elkarlanean aritu gara, eredu bera partekatuz. Nahikoa ez zeudela ikusita, plaza kopurua handitzeko baliabide berriak jarri ditugu martxan Tolosan, Berrizen edo Oñatin. Harritu egin gaitu orain arteko eredua ez jarraitzea", deitoratu du.
Polemika alde batera utzi eta elkarrizketari heltzeko deia egin du. Azkenik, atzo Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak esandakoak hartu ditu hizpide. Jaurlaritzak "Irungo industria nabe batean 250 plaza" atondu zituela kritikatu zuen. Amilibiak zehaztu du Irungo baliabidea trantsituan dauden migratzaileei zuzenduta dagoela, eta errefuxiatuekin alderatuta, "beharrizan ezberdinak" dituztela horiek, bidaiarekin jarraitu eta EAEn gehienez 2-3 egun geratzen direla. "Guk atsedena, higienea eta komunikazioa eskaintzen diegu (...) literak baliabide duina dira", argudiatu du.