Gizartea
Gertakaria
70 bat urteko gizon bat hil da Bilboko Bolueta auzoan, txabola batek su hartu ondoren
EITB Media
Sutea 18:10ean piztu da, N-634 errepidean (Bilbo-Galdakao) dagoen janari lasterreko establezimendu batetik gertu.
-
Larrialdi zerbitzuak Bilboko Bolueta auzoan. Irudia: EITB
70 urte inguruko gizon bat hil da astearte honetan Bilboko Bolueta auzoan zegoen kartoizko eta egurrezko txabolak su hartu ostean.
Sutea 18:10ean piztu da, N-634 errepidean (Bilbo-Galdakao) dagoen janari lasterreko establezimendu batetik gertu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.
Sua oso azkar zabaldu da, eta jatetxean zeuden hainbat pertsona su-itzalgailuekin sugarrak itzaltzen saiatu diren arren. Azkenean, identifikatu gabeko 70 urteko gizon bat hil da, ustez txabolan lo egiten ari zena.
Suhiltzaileak gertakariaren tokira bertaratu dira, eta, garrak itzali ondoren, biktimaren gorpu kiskalia aurkitu dute.