Gizartea -

Itsas salbamendua

Aita Marik milioi bat eurotik gorako isuna jaso dezake hainbat arau haustegatik

Estatuko Kapitaintza Orokorrak atzo jakinarazi zion ontziari zigor espedientea zabalik duela. Auzia 2020tik dator, Italiako uretan egindako erreskate baten ostean egindako ikuskaritza batean atzemandako "irregulartasunak" tarteko. EAJk eta EH Bilduk azalpenak eskatu dizkiote Espainiako Gobernuari.

Aita Mariko tripulazioa erreskate batean. Argazkia: Review
Aita Mariko tripulazioa erreskate batean.
Aita Mariko tripulazioa erreskate batean. Argazkia: Review

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aita Mari euskal erreskate ontziak milioi bat eurotik gorako isuna jaso dezake 2020an ontziari egindako ikuskapen batean atzemandako hainbat "irregulartasun" tarteko.  

Euskadi Irratiak baieztatu ahal izan duenez, Valentziako (Espainia) Kapitaintza Orokorrak atzo jakinarazi zion ontziaren jabeari, Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeari, zigor espedientea zabalik duela.

Auzia 2020ko maiatzean abiatu zen, Aita Mari Italiako uretan erreskate misio bat egiten ari zenean. Palermoko (Italia) portuko agintariek ikuskaritza egin zuten ontzian "hainbat irregulartasun tekniko eta operatibo" atzeman omen zituzten. Ondorioz, 49 egunez atxikita izan zuten Palermoko portuan. Itsas Salbamendu Humanitarioak orduan azaldu zuenez, ontziak ez zuen segurtasun arazorik, eta detektatutako arazoak "dokumentalak" zirela eta ziurtagiri guztiak indarrean zituela azpimarratu zuen.

Prozesuak, baina, bere bidea egin zuen. Espainiako agintariek prozedura administratiboa abiatu zuten, eta atzo, ia hiru urte geroago, zigor espedientea zabaldu zuten. 

Gobernuz kanpoko erakundeak iragarri duenez, espedienteari alegazioak aurkeztuko dizkio. Itsas Salbamendu Humanitarioak ohar batean azaldu duenez, 2020ko ikuskaritza hura eta horren ondorenak "kanpaina politiko baten" ondorio dira, eta ez dute zerikusirik ontziaren segurtasunarekin. Halaber, espediente horrek hurrengo misioan eraginik izango ez duela nabarmendu dute. Euren hitzetan, "dena ondo bidean" laster abiatuko dira (asteartean dute ikuskaritza).

60.000 eta 80000 euro arteko isuna

Hala ere, Merkataritza-nabigazioko Zuzendaritza Nagusiak azaldu duenez, "aurrekari ia berdinengatik", 60.000 eta 80000 euro arteko isuna izan daiteke, eta % 40 gutxiago, ontziaren titularrak "gertakariak onartu eta ordaintzen badu". Hala, "gaur hedabideetan zehapenaren zenbatekoari buruz agertzen den informazioa ez dator bat errealitatearekin, legean aurreikusitako gehieneko zenbatekoak baino ez baititu kontuan hartzen", ziurtatu du.

Ildo horretan, erakundeak jakinarazi du azken 10 urteetan gutxienez 12 zehapen-espediente ireki zaizkiela atzerriko portuetan ibilgetutako Espainiako beste ontzi batzuei.

"Ohiko prozedura da, eta, hain zuzen ere, une honetan beste hiru zehapen-espediente ireki zaizkie atzerriko portuetan atxikitako Espainiako beste horrenbeste ontziri. Hau da, ez da gertaera isolatua, ezta aurrez pentsatua ere. Prozedura arrunta da, indarrean dagoen araudia betez", erantsi duenez.

Zehazki, Espainiako Administrazioak Aita Mariri irekitako zehapen-espedienteak Italian antzemandako zazpi irregulartasun ditu ontzia, eta, horien ondorioz, euskal ontzia ibilgetu egin zen.

Azalpen eskaera Espainiako Gobernuari

Iñigo Barandiaran EAJko diputatuak Espainiako Gobernuari Aita Mariri ezarritako isunen berria egia den argitzeko eskatu dio.

Zehazki, eskatu du idatziz erantzuteko ea Gobernuaren asmoa den itsas salbamendu humanitarioan aritzen diren elkarteen titulartasuneko ontziei haien lana oztopatzea edo eragoztea, eta ea ontzi horien jarduerak Gobernuaren babesa duen, edo ea, aitzitik, "Espainiako Gobernua prest dagoen haien lana oztopatzen duen edozein neurri hartzeko".

Era berean, Euskal Taldeak Jaurlaritzari galdetu dio ea nola izan daitezkeen egiazkoak espedientea irekitzea eragin zuten gertakariak, "aste batzuk lehenago ontzia Espainiako Estatuko portu batean konponketa bat egin ondoren eta Espainiako itsas agintariek ikuskapena egin ondoren abiatu bazen". Horri dagokionez, galdetu du ea espedientea zabaltzeko oinarritzat hartu diren Italiako agintariek adierazitako egitateak, eta salbamendu humanitarioko ontziek Italiatik gertu dauden uretan jarduten jarrai ez dezaten jasotako nolabaiteko presioren bati erantzuten ote dion.

Azkenik, espedientea irekitzea Aita Mari ontziaren irteera-baimena atzeratzeko aitzakia gisa erabili den azaltzeko eskatu du, "badakigu aspaldi eskatu dela eta justifikaziorik gabe atzeratzen ari zela".

Bestalde, EH Bilduk Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroaren agerraldia eskatu du gaiaren inguruan azalpena eman ditzan. Gaur bertan erregistratutako ekimen batean, argibideak galdegin dizkiote Ministerioari "Itsas Salbamendu Humanitarioaren kontra zabaldutako zigor espedientearen egoera eta arrazoiak tarteko". 

Azkenik, Jaurlaritzak espero du egoera laster argitzea misioan irten dadin. 

Misio berrirako zartada izan daiteke

Isuna zartada izan daiteke bederatzigarren misioaren atarian zegoen elkarte humanitarioarentzat. Hain zuzen ere, atzo gauean estreinatu zen Youtuben eta EiTBn Nahieran 'Review: Aita Mari', itsasontzi humanitario horrek egiten duen lanaren errealitatea erakusten duen ikus-entzunezkoa. Izaskun Arriaran Aita Mariren misio buru eta erizaina estreinaldian izan zen.

EITB zortzigarren misioan murgildu zen eta, Asier Sanchezek zuzendutako eta aurkeztutako dokumental txiki batzuen bidez, tripulazioaren egunerokotasuna ezagutu ahal izango da, erreskateak nolakoak diren ikusi edo errefuxiatuek beren herrialdeetatik ihes egiteko dituzten arrazoietan sakondu ahal izango da, baita horietako batzuk gaur egun non dauden ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia GKEen albisteak Isunak Aita Mari