Gizartea -
kutsadura
Urrunagako bizilagunak: "Otua Taldea gu itotzen ari da"
Urrunaga, Goiain eta Urbinako 70 bat bizilagunek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Lakuako Ertzain etxearen parean, Otua taldeko birziklatze enpresen jardueraren ondorioz duela 10 urtetik hona jasaten ari diren kutsadura salatzeko.
eitb media
Urrunaga, Goiain eta Urbinako 70 bat bizilagunek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Gasteizen, Lakuako Ertzain etxearen parean, Otua birziklatze enpresen jardueraren ondorioz duela 10 urtetik hona jasaten ari diren kutsadura salatzeko. Elkarretaratzea egiteaz gain, hogei salaketa inguru jarri dituzte Ertzaintzaren aurrean.
Salaketetan, Goiaingo industrialdean dauden Otua Taldeko enpresek sortzen dituzten arazoak azaldu dituzte. Hondakinen birziklatzean aritzen dira, eta horietako batzuk arriskutsuak dira. "Gasteiztarrek eta bilbotarrek edaten duten uretatik kilometro batera daude, lerro zuzenean. Eragiten dituzten zarata eta emisioekin sarraskituta dago herria", kontatu du Iñaki Abasolok Radio Euskadin.
Joan den abenduan soilik, bost aldiz deitu behar izan dute 112ra, emisioak neurtzeko patruilak eskatzeko. "Egun batzuetan ezin gara etxetik atera. Eusko Jaurlaritzari esku hartzeko eta Otua Taldea neurriak hartzera behartzeko eskatzen diogu", azaldu du Marisa Borinagak.
Urrunagan bizi dira biak, eta Goiaingo eta Urbinako bizilagunekin batera manifestazioa egin dute Gasteizko Forondako Atea kaleko Ertzain etxearen aurrean.