Gizartea -
Aieteko bizilagun bat
Haur-pornografia partekatzeagatik 3 urteko zigor eskaera, Donostian
Akusatuari Aiete auzoan duen etxebizitzan atzeman zizkioten artxiboak, eta horietan 13 urteko adingabeak agertzen ziren.
Erredakzioa
Fiskaltzak 3 urteko espetxe zigorra eskatu du Donostiako bizilagun batentzat internet bitartez haur-pornografia konpartitzeagatik.
Ordenagailuan atzeman zizkioten artxiboetan 13 urteko adingabeak agertzen ziren eta irudi asko, ordenagailutik bertatik grabatutakoak ziren.
Ministerio Publikoaren akusazio idatziaren arabera, akusatua Aiete auzoko etxebizitzatik konektatzen zen internetera. 2008ko otsailaren 1etik 28ra, akusatuak, ustez, "eduki pornografikoak" zituzten 13 artxibo jaitsi zituen.
Gizonezkoak "oso ongi ezagutzen zituen artxiboetako edukiak" idatziak dioenez, eta "horrelako edukiak interneten aurkitzeko erabili ohi den hizkera mota berezia erabiltzen zuen".
2008ko azaroaren 19an Poliziak etxebizitza miatu zuen eta "incoming" izeneko karpeta batean, "haur-pornografia agertzen zen 80 bideo inguru" atzeman zizkioten, gainera "beste zazpi jaisten ari zen une horretan". Horren aurrean, Fiskaltzak "adingabeak usteltzearen delitua" egotzi dio, haur-pornografia hedatzea erraztegatik, eta, hori dela eta, hiru urteko espetxe-zigorra eskatu du horrentzat.