Gizartea -
Erahilketa matxista
47 urteko emakume bat hil du senar ohiak Pontevedran
Ustezko hiltzailea, emakumearen bikotekide ohia, Ourensen atxilotu dute. Krimena hilketa matxista modura ari dira ikertzen.
Agentziak | EITB Media
47 urteko emakume bat hilda aurkitu zuten igande iluntzean Baionako (Pontevedra) bere etxean. Gorpuak indarkeria zantzuak zituen, eta indarkeria matxistaren biktima izan ote den ikertzen ari dira. Senar ohia Ourensen atxilotu dute.
Pontevedrako Gobernuko ordezkariordeak jakinarazi duenez, "ikerketa zabalik dago, eta genero-indarkeria kasua izan dela baieztatu gabe dago". Hala izango balitz, Espainian 2023an indarkeria matxistak hildako zortzigarren emakumea izango litzateke.
Igande iluntzeko 9ak aldera jazo zen gertakaria. Guardia Zibilak jaso zuen deiaren arabera, bizilagun batzuek emakume bat aurkitu zuten haren etxeko atean hilda, indarkeria zantzuekin. Bertaratu zirenean, gorpuak kolpe ugari zituela ikusi zuten. Ikerketa prozesua hastearekin batera, emakumearen bikotekide ohia bilatzeari ere ekin zioten. Horrek gaur aurkeztu du bere burua Ourenseko komisaria batean, eta atxilotu egin dute.
Carlos Gomez Baionako alkatearen hitzetan, gizonak seme-alabak emazte ohiaren etxera eraman zituenean gertatu zen hilketa, asteburua eurekin igaro ondoren.
Ikerketa iturrien arabera, emakumeak ez zuen aurretik genero-indarkeriarekin lotutako salaketarik jarrita. Atxilotuaren gertukoen esanetan, ordea, seme-alaben zaintzarekin lotutako arazo judizialak zituzten senar-emazte ohiek.