Gizartea -
Elkarrizketa EITB-n
Gasteizko erasoaren biktima: "Kalera labana batekin joaten denak arazoak nahi ditu"
"Ni ez naiz etxetik ateratzen labana batekin. Ateratzen duenak erabiltzeko egiten du", adierazi du gazteak, ETBn egindako elkarrizketa batean.
EITB Media
Gasteizko Glow diskotekan labankadaz oso larri zauritu zuten eta heriotza gertu izan duen mutila ospitaletik atera da. Zauri larriak ditu oraindik, eta hiru hilabete inguru beharko ditu osatzeko.
Leonardo du izena, eta EITBren kameren aurrean hitz egin du gaur. "Kalera labana batekin joaten denak arazoak nahi ditu", adierazi du. "Ni ez naiz etxetik ateratzen labana batekin. Ateratzen duenak erabiltzeko egiten du", gaineratu du.
Gertatutakoa buruan dauka oraindik, eta erasoa oso azkarra izan zela esan digu: "Jai giroan normal geunden, eta bat-batean, dena piztu zen". Ez zen konturatu zauriturik zegoela, lagun batek esan zion arte.
Gaztea oso eskertuta dago kalean odolustu ez zedin lagundu zioten Erizaintzako bi ikasleei eta etengabe hitz eginez esnatuta eduki zuen pertsonari: "Bizia salbatu zidaten".
Leonardoren amak, Griselda Carracerak, gertu ikusi zuen semearen heriotza: "Kritiko egon zen".
Biek ala biek segurtasun neurriak eskatu dituzte, halakoak errepika ez daitezen: "Aisialdi establezimendu batera joatea dantza egitera eta ondo pasatzera eta norbaitek zu hiltzea edo hilzorian uztea... hori ezin da".
Leonardori egindako erasoak mahai gainean jarri du arma zurien eta gaueko aisialdiko segurtasunaren eztabaida. Horren ildotik, Eusko Jaurlaritzak iragarri du bi neurri aztertzen ari direla: 700 pertsona baino gutxiago hartzeko edukiera duten dantzalekuetan segurtasun pribatua ezartzea eta metal detektagailuak jartzea.
Bien bitartean, Ertzaintzak plan bat abiatu du zenbait puntutan kontrolak ezartzeko, betiere erasoak prebenitzeko.