Gizartea -

Emakumeak Zientzian

EAEn 12.497 emakume ari dira I+G arloan lanean, horretan diharduten guztien % 37,2

Lanbide zientifikoetan gutxienezkoak izaten jarraitzen dute emakumeek, Medikuntza Zientzietan izan ezik, horietan emakumeak ia % 60 baitira. Osasun Zientzietako fakultateetan ere emakumeak dira gehiengoa, matrikulatutako ikasleen % 77 baitira emakumeak.

Emakume bat lanean, laborategi batean. EITB Media.
Emakume bat lanean, laborategi batean. EITB Media.
Emakume bat lanean, laborategi batean. EITB Media.

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zientziaren arloan diharduten emakumeen kopurua gorantz doan arren, diziplina gehienetan gutxiengoa izaten jarraitzen dute. Medikuntza Zientziena da salbuespena, hartan gehiengo baitira emakumeak. 

Bihar, otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko dela eta, Eustat - Euskal Estatistika Erakundeak hainbat datu plazaratu ditu ostiral honetan, zientzietan, bai lan-arloan, bai bigarren mailako irakaskuntzan eta unibertsitate-irakaskuntzan ere, emakumeek duten parte-hartzeari zifrak jarriz. 

Eustatek landutako datuen arabera (2021eko ikasturteko datuak), EAEn guztira 33.591 pertsona aritzen dira I+Daren arloan eta, haietatik, 12.497 emakumeak dira, % 37,2, beraz. Hala ere, nabarmentzekoa da azken urteetan gora egin duela emakumeen presentziak sektore horretan, 2003an %31,3 baitziren. Emakume horietatik gehienak zehazki 8.120, ikertzaileak dira (14.074 gizonak); emakume teknikariak 3.071 dira (gizonak 5.624) eta I+G arloan laguntzaile aritzen diren emakumeak 1.305 dira (1.390 gizonak).

Ildo horretan, eta I+Garen barruan, bioteknologiaren sektorea nabarmentzen da, arlo horretan diharduten pertsona guztien % 59,7 baitira emakumeak. Zientzia-diziplinak kontuan hartuta, Ingeniaritza da jende gehien baina emakume gutxien aritzen den esparrua, % 28a baino ez. Zientzia-zehatzetan % 46 dira emakumeak eta % 47 Nekazaritza zientzietan. 

Aldiz, emakumeak gizonak baino gehiago dira kopuruan Gizarte Zientzietan (% 52) eta nabarmen gehiago Medikuntza Zientzietan, hartan 10etik 6 baitira emakumeak. 

Emakumeen ikasketakUnibertsitatean, % 54 emakumeak dira (37.900, zehazki) eta gehienek, (19.867) Gizarte eta Lege Zientzietako ikasketak egiten dituzte; horietan % 59 dira emakumeak.

Halaber, emakumeen presentzia nabarmena da Osasun Zientzietako fakultateetan, matrikulatutako ikasleen % 77 baitira emakumeak (7140, zehazki). 

Ingeniaritza da, ikasle gehien dituen bigarren adarra izanik (16.298 ikasle), emakumeek gutxien aukeratzen duten adarra (4.632, guztizkoaren %28).

Arte eta humanitatean emakumeak dira 10etik 6, eta zientzietan nahiko parekatuta daude matrikulazioak, (2.245 emakume eta 2.172 gizon). Lanbide Heziketan, emakumeak % 35 dira, eta, unibertsitatean bezala, gehienek Osasunaren adarra aukeratu dute (% 75,6k). Ikasle kopuru handia biltzen duen beste adar bat Kimika da. Kasu horretan, emakumeak % 58,7 dira. Ikasle gehien biltzen dituzten arloen artean, alderik handienak Elektrizitatean eta Elektronikan agertzen dira. Izan ere, emakumeak % 6,1 baino ez dira. Batxilergoari dagokionez, Zientzien batxilergoan mutilen eta nesken proportzioa oso antzekoa da (neskak % 48,8 dira). Giza eta Gizarte Zientzietako batxilergoen kasuan, aldea handiagoa da, eta feminizatuago daude. Zehazki, Gizarte Zientzietan, emakumeak % 57,7 dira, eta gizonak, berriz, % 42,3. Era berean, Giza Zientzietan emakumeak eta gizonak % 57,7 eta % 42,3 dira, hurrenez hurren.

Emakumea Zientzian infografia. EUSTAT.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Zientzia berriak Zientziaren hedapena Feminismoa gaur Haurtzaroa albisteak Eustaten datuak