Gizartea -
93 eguneko uda
Ohikoa baino epelagoa izango den uda hasi da
Goizaldeko ordu bata eta bederatzian hasi da 2012ko uda. Aurtengoa azken mendeetako luzeenetakoa izango da, 93 egun iraungo baitu. Gaurtik aurrera, tenperaturek gora egingo dute.
Erredakzioa
2012ko uda gaur hasi da, goizaldeko ordu bata eta bederatzian. Estatuko Agentzia Meteorologikoak (AEMET) esan duenaren arabera, aurtengo uda "ohikoa baino epelagoa izango da", eta gaurtik aurrera tenperaturek gora egingo dute. Aurtengo uda azken mendeetako luzeenetakoa izango da, 93 egun eta 15 ordu iraungo baitu.
Udaberriko hiru hilabeteetan batez besteko tenperatura 14,1 ºC-koa izan da. Hilabete beroena maiatza izan da; gainera, azken 52 urteetako maiatzik epelena izan da. Udaberriko tenperatura maximoak maiatzaren 11n eta 14an izan ziren Euskadin, baita hilabeteko azken egunetan ere. Epe horretan tenperaturak 25 ºC-tik gora kokatu ziren.
Orokorrean, AEMETek emandako datuen arabera, udaberria lehorra izan da, eta prezipitazio gutxi egon da. Apirila izan da hilabeterik hezeena.
2012ko uda irailaren 22an amaituko da.
Udako lehen eguna: haizea eta tenperatura atseginak
Euskalmetek iragarri duenez, egunak aurrera egin ahala, giroa motelduz joango da gaur. Egunsentiko behe-lainoa desegin ostean, hodeiak eta urdingune zabalak tartekatuko dira zeru gainean, hego-mendebaldeko haizea harro-harro ibiliko da, eta termometroak 20-25 ºC ingurura igoko dira. Eguerditik aurrera, ordea, egoera aldatuz joango da. Kostaldetik hasita, haizea ipar-mendebaldera aldatuko da, eta, norabide aldaketa honekin, giroa freskatu eta hodei maskalak ugarituz joango dira. Araba eta Nafarroa barnealdera, ipar-haizea geroago iritsiko da, eta giro argia gailenduko da arratsalde erdira arte.
Ostiralean, aldiz, giroa freskoa izango da. Hodei maskalak gailenduko dira, eta Atlantikoko isurialdean, zerua erabat estalita agertuko da, eta, noizbehinka, euri txikia egin lezake. Hegoaldean, hodeitza saretuago agertuko da, eta, tarteka, ostarteak ikusiko ditugu. Ordurik epelenetan, termometroak 20 ºC-ren bueltan ibiliko dira.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.com-en eta bidali zure argazkiak