Gizartea -
DELITUAK, 2022
Erradiografia: Delitu informatikoak eta emakumeen aurkakoak areagotu egin dira EAEn; hilketak, aldiz, jaitsi
Ertzaintzak bildutako salaketen arabera, 4.870 emakume izan ziren iaz indarkeria matxistaren biktimak, 2019an baino % 10,12 gehiago. Bestalde, 20.147 delitu informatiko salatu ziren, % 40,78 gehiago.
EITB Media
Indarkeria matxistarekin lotutako delituak eta delitu informatikoak ugaritu egin dira 2022an Euskadin pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuta, beti ere Ertzaintzak bildutako salaketen arabera. Datu horiei, baina, oraindik ere EAEko 83 udaltzaingoenak gehiatu behar zaizkie.
Hala, EITBk eskuragarri izan duen Ertzaintzaren balantzearen arabera, 4.870 emakume indarkeria matxistaren biktima izan ziren iaz, 2019an baino % 10,12 gehiago, pandemia aurreko azken ekitaldiarekin alderatuta, alegia. Bestalde, 20.147 delitu informatiko salatu ziren, % 40,78 gehiago.
Ertzaintzak ikertutako hilketen kopurua, ostera, murriztu egin da. 2022an zazpi homizidio edo hilketa izan dira, eta 2019an eta 2021ean hamar eta hamaika jazo ziren, hurrenez hurren. Horrek esan nahi du delitu mota hori % 20 eta % 36 murriztu dela, urte berdinekin konparatuta.
2022an, 3.407 emakume bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriaren biktima izan ziren, beste 952 familia barruko indarkeriaren biktima eta 511 sexu-askatasunaren aurkako delituen biktima. Azpimarratzekoa da azken delitu horren portzentajezko gorakada, 2019an baino % 21 kasu gehiago, eta 2021ean baino ia % 15 gehiago. Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria ere ia % 10 eta % 16 hazi da, hurrenez hurren.
Delitu informatikoei dagokienez, azpimarratzekoa da faltsutzeen gorakada, ia % 170 hazi baitira 2019. urtearekin alderatuta, eta 2021eko datuak kontuan hartuta % 31. Gainera, Internet bidezko jazarpena eta mehatxuak % 155 eta % 26 igo dira, ekitaldi berberekin alderatuta. Era berean, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delitu zibernetikoak, horien artean, iruzurra, % 35 igo dira 2019. urtearekin alderatuta.
Bestalde, Ertzaintzak droga-trafikoko 548 delitu zenbatu zituen iaz, eta 1.605 pertsona salatu zituen alkoholaren, drogen eta abarren eraginpean gidatzeagatik. Ondorioz, portzentajezko igoerak izan dira aurreko ekitaldiekin alderatuta.
Guztira, 2022an, Euskal Autonomia Erkidegoan 99.092 arau-hauste penalen berri izan du Ertzaintzak, 2019an baino % 7 gehiago eta 2021ean baino % 19 gehiago. Horrela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 1.000 biztanleko ia 45 delitu izan ziren.
Euskal Autonomia Erkidegoko delinkuentziari buruzko txostena, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen datuak bilduko dituena, hurrengo hilabeteetan osatuko da.