Gizartea -
KRISIA OSAKIDETZAN
Donostiako ESIko langileek zehaztasuna eskatu diote Osakidetzari, eta bidalitako azken zirriborroa sina dezala
Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak nabarmendu du ez dituztela gutun gehiago trukatuko Osasun Sailarekin, eta gaineratu du azken zirriborroa sinatu arte astelehenero protestan jarraituko dutela.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Donostiako ESIko osasun-langileek zehaztasun handiagoa eskatu diote Osakidetzari astelehen honetan, gatazka konpontze aldera. Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak nabarmendu duenez, medikuen batzarrak Osasun Sailarekin gutun gehiago ez trukatzea adostu du, eta bidalitako azken zirriborroa sinatu ezean protestekin jarraituko dutela ohartarazi du.
Astelehenero gisa, Donostia Ospitaleko atarian elkartu dira, Donostiako ESIaren kudeketari buruz eta ospitalearen beharrei buruz dituzten aldarrikapenak defendatzeko, eta protestaren ondoren egin ditu adierazpenok ZIUko buruak.
Urtarrilaren 18ko bileraren ondoren, lau gutun bidali dizkiote elkarri proposamenak trukatzeko, baina gaur ospitaleko langileekin egin duten asanblean bide hori ixtea erabaki dute; izan ere, Zubiaren arabera, aurrez aurrekoan hitz onak jasotzen dituzte, baina gero idazteko orduan, idatziz, "hau egingo da, ahal baldin bada, edo orain arteko kolaborazio markoan jarraitzeko intentzioa dugu" bezalako esaldi bukaerak egoten dira, zehaztasunik gabeak.
Horrela, urtarrilaren 18ko bileran Jaurlaritzak hartu zituen konpromisoak idatziz jartzeko eskatu diote, eta lortu arte, "astelehenero egongo gara ospitaleko atean", esan du.