Gizartea -

RADIO EUSKADI

"Bai bakarrik da bai" legean PSOErekin akordioa ixteko "ahalegin guztiak" egingo dituela esan du Monterok

Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak onartu du "egoera oso zaila" bizi dutela sozialistekin "bai bakarrik da bai" legea erreformatzeko negoziazioan. Halere, baikor agertu da, adostasuna iritsiko dela uste baitu.

Irene Montero, gau, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Irene Montero, gau, Radio Euskadin
''Bai bakarrik da bai'' legean PSOEkin akordioa ixteko ''ahalegin guztiak'' egingo dituela esan du Monterok

1:56

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak bultzatutako bi legek, Trans eta Abortuaren legeek, gaur amaituko dute euren ibilbidea Kongresuan, behin betiko onartuta. Ezustekorik ezean, PSOE eta Unidas Podemos bazkideek bat eginda bozkatuko dute. Horren aurrean, "harro" agertu da ministroa, gaurtik "Espainian gizartea hobea" izango delako. "Ospakizunerako eguna da", esan du.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan egin ditu adierazpenok Monterok, gaur goizean. Horren hitzetan, "gizarte osoak" baina bereziki "emakumeek, pertsona transexualek eta LGTBI komunitate osoak eskubide gehiago" izango dituzte gaurtik aurrera.

Alderdi Popularrak bi lege horiekiko erakutsi duen kontrako jarrerari buruz, berriz, ez da harrituta agertu, "PP beti erresistentziaren alboan" eta "eskubide feministen kontra" kokatzen delako.

Halere, Kongresura gaur eskutik helduta iritsiko badira ere, Gobernuko bi bazkideen arteko harremana aspaldian oso gaiztotuta dago "bai bakarrik da bai" legearen erreforma dela eta. Ez atzera ez aurrera daude negoziazioak, Monteroren aburuz, "PSOEk hitz egitera ere ez duelako eseri nahi". Agertokia "oso zaila" bada ere, Berdintasun ministro gisa "ahalegin guztiak" egingo dituela hitz eman du, harik eta akordioa itxi arte. PPren eta Voxen botoekin "Manadaren Zigor Kodera" itzultzea emakumeen eskubideetan atzera egitea litzatekeela gehitu du.

Zailtasunak zailtasun, itxaropentsu agertu da eta akordiorako aukerak ikusten ditu Monterok. Beste lege feminista batzuekin ere, "antzeko egoerak" bizi izan dituztela eta beti lortu dutela adostasun batera heltzea azpimarratu du. "Pentsatu ere ez dut egin nahi" oraingoan hala ez izateak izango lituzkeen ondorioetan, azaldu du. "Akordiorako nire borondatea ukaezina da. Ahal nuena baino gehiago eman dut amore", erantsi du.

Azkenik, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordea prestatzen ariko litzatekeen hautagaitzari buruz galdetuta, "haren denborak errespetatzen ditut", esan du, Unidas Podemosek "azkarrago" joatea nahiko balu ere.

Bestalde, PSOEren izenean, Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikoaren ministroak gezurtatu du Podemosekin elkarrizketarik ez egotea. Felix Bolañosekin batera "bai bakarrik da bai" legea negoziatzen ibili da Ogasun ministroa, eta koalizio morearekin "proposamen elkartrukea" egon dela azpimarratu du. 

Maria Jesus Montero: ''Ez da egia Podemosekin elkarrizketarik ez dagoela''
Maria Jesus Montero: ''Ez da egia Podemosekin elkarrizketarik ez dagoela''
Maria Jesus Montero: ''Ez da egia Podemosekin elkarrizketarik ez dagoela''

1:06
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Espainiako Gobernua albisteak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Matxismoa Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna