Gizartea -
Aena
Agur likido eta portatilen kontrolei: 2026an eskaner berri bat iritsiko da Bilboko Aireportura
Aenak X izpien bidezko 3D eskaner berriak ezarriko ditu 2024an, Madrilen eta Bartzelonan, ekipajeak ireki gabe ikuskatzeko. 2026an iritsiko da Loiura.
Agentziak | EITB Media
Bidaiariek pixkanaka utziko diote, 2024tik aurrera, beren ekipajetik likidoak eta aparatu elektronikoak ateratzeari Espainiako Estatuko aireportuetan. Kontrolak arinduko dituzten X izpien bidezko 3D eskaner berriak Madrilen eta Bartzelonan estreinatuko dira, eta 2026an iritsiko dira Bilboko Aireportura.
Ekipo horiek ekipajeak ikuskatzea errazten dute, X izpien teknologia erabiliz 3Dko irudi bat sortuz. Horrela, kontrola pasatzeko, ez dira gailu elektronikoak erretilu bereizietan utzi beharko, ezta likidoak plastikozko poltsetan ere. Bidaiariari denbora aurreztuko zaio, prozeduran segurtasunik galdu gabe.
"Segurtasuna lehentasunezkoa da Aenarentzat, teknologia berrien aldeko apustua egiten baitu aireportu seguruenen abangoardian jartzeko", esan dio aireportuko kudeatzaileak Europa Pressi.
Eskanerrak segurtasun iragazkiak modernizatzeko proiektu globalaren parte dira. Kontroletara sartzeko sistema biometrikoak hedatzea ere jasotzen du, Aenaren hitzetan.
Aireportuak Arautzeko Dokumentuaren (DORA) arabera, teknologia berria duten iragazkiak 2024an instalatuko dira Madril-Barajas eta Bartzelona-El Prat aireportuetan (bi horiek Espainiako trafikoaren % 40 hartzen dute); 2025ean, Palmako eta Malaga-Costa del Soleko aireportuetara iritsiko dira, eta 2026an, Bilbora, Kanaria Handira, Tenerife Hegoaldera, Lanzarotera, Fuerteventurara, Alacant-Elxera, Eivissara, Valentziara eta Menorcara. Hego Euskal Herriko gainerako aireportuak ez dituzte aipatu.
Aenaren esanetan, segurtasun estandarrak berdinak dira sareko aireportu guztietan, "handiak zein txikiak" izan.
Teknologia hori erabiltzen duten eskanerrak jadanik probatzen ari dira Londresko Heathrow, Gatwick eta Stansted aireportuetan, eta Erresuma Batuko Gobernuak iragarri du segurtasun arauak aldatuko dituela 2024an martxan izateko. Gainera, AEBko Garraioko Segurtasun Administrazioak hamabost aireportutan probatu zituen gailu berriak.
Kontrolak arinduko dituen aldaketa
Gaur egun, likidoak, lurrinak, kremak, aerosolak, aparrak, gelak, xanpuak eta hortzetako pastak 100 mililitro baino gutxiagoko edukiera duten banakako ontzietan eraman behar dira. Ontzi horiek plastikozko poltsa garden batean sartu behar dira, erraz ireki eta ixteko poltsatan. Bidaiari bakoitzeko poltsa bakarra eraman daiteke, eta erretiluetan jarri behar da, maletatik kanpo.
Araudi berriarekin, bidaiariek neurri handiagoko poteak eraman ahalko dituzte.
2021eko irailean aurkeztutako DORA dokumentuan, Aenak adierazi zuen operazio segurtasuna kudeatzeko sistemak indartuko zituela. Horrela, 2022-2026 bosturtekoan, "azken belaunaldiko teknologiak sartuko lirateke segurtasun kontroletan, prozesuen eraginkortasuna hobetzeko eta bidaiarien joan-etorria errazteko".
Europako Batzordeak, bestalde, 2001eko martxoaren 11n New Yorkeko Dorre Bikietako atentatuen ostean ezarritako murrizketak leuntzeko eskatu du. Likidoen kontrola 2006an ezarri zen, Al Qaidak Londrestik atera behar ziren zazpi hegazkinen aurka antolatutako atentatu terrorista zapuztu baten ondorioz. IATA airelineen nazioarteko elkarteak ere babesten du murrizketak leuntzeko proposamena.
Oharra: Albiste honek infografia bat du eta ez da zuzen ikusten aplikazioan. Ikusi nahi baduzu, itsatsi esteka hau zure nabigatzailean.