Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Dani Alvesek behin-behinean preso jarraitu beharko du
23 urteko emakume baten kontrako sexu-erasoa leporatzen diote 39 urteko futbol jokalari brasildarrari. Joan den abenduaren 31n izan zen erasoa, Bartzelonako diskoteka batean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Dani Alves futbol jokalariak behin-behinean preso jarraitu beharko du, Bartzelonako Auzitegiak atzera bota baitu auzipetuaren defentsak aurkeztutako helegitea. Abenduaren 30etik 31rako gauean Kataluniako hiriburuko diskoteka batean 23 urteko neska bati sexu-erasoa egitea leporatzen diote.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur jakinarazi duenez, Bartzelonako Auzitegiko 3. sekzioko magistratuek ez dute ontzat eman Alvesen defentsaren errekurtsoa, eta, beraz, espetxealdiari eustea erabaki dute.
Ebazpenean, magistratuek berretsi egin dituzte bai Fiskaltzaren eta baita akusazio partikularraren argudioak ere, eta Alvesek "ihes egiteko arriskua handia" dela nabarmendu dute. "Bere gaitasun ekonomiko handia" dela eta, "Espainiatik edozein momentutan ihes egin lezake", horien ustez.
Halaber, autoaren arabera, ihes egiteko arrisku horri beste bi faktore gehitu behar zaizkio: ezar dakiokeen "zigor handia" eta prozesu judizialaren instrukzio-fase honetan jokalari brasildarraren aurka dauden "kriminalitate zantzu larriak".
Alvesen defentsak, bere aldetik, ohar labur bat kaleratu du erabakiaren berri izan eta berehala, bi gauza nabarmentzeko: jokalariak "lehen bezain errugabea izaten jarraitzen du" eta "inoiz ez du Espainiako Estatutik ihes egiteko asmorik izan".
Urtarrilaren 20tik dago kartzelan Alves.