Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Eguraldi ona eta beroa urteko gaurik magikoenean
Udako giroa izango dugu asteburuan eta tenperaturak 30 graduren bueltan geratuko dira.
Erredakzioa
Larunbatean eguraldi egonkorra eta atsegina. Goizeko lehen orduetan hodeiak nagusituko dira, bereziki Kantauri isurialdean, baina orduek aurrera egin ahala eguzkia hodeitza hau zulatuz joango da eta eguerditik aurrera giro eguzkitsua gailenduko da; ipar partean tarteka hodei batzuk agertuko badira ere, ez dute traba handirik egingo, Euskalmeten arabera. Tenperaturak gora egingo badu ere, termometroak balio atseginetan geldituko dira, 22-25 gradu artean.
Iganderako aldaketa gutxi espero dugu eta tenperatura igo egingo da. Goizeko lehen orduetan behe-lainoa sortuko da eta behe-hodeiak ere agertuko dira. Egunaren gainontzeko orduetan zerua txukun eta urdin mantenduko da, goi-hodei batzuekin. Ipar-osagaiko haizeak ahul joko du eta tenperatura maximoek gorakada nabarmena jasango dute, kostaldean 24 graduren bueltan geratuz eta 28 graduren inguruan gainontzeko lekuetan.
Astelehenean, uda beteko eguraldia. Zerua hodei gutxirekin agertuko da eta bero egingo du, eguneko beroenak 30 ºC-ren bueltan geratuko dira barnealdean eta 25-26 ºC kostaldean. Ekialdeko haize ahula ibiliko da, tarteka bizi.