Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emakume bati eraso egin dio Gasteizen
Bestalde, 56 urteko emakume bat atxilotu dute Arabako hiriburuan, amari (80 urtetik gorakoa) eraso egiteagatik. Antza denez, ez zen eraso egiten zion lehenengo aldia.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
29 urteko gazte bat atxilotu du Udaltzaingoak Gasteizen bikotekideari eraso egiteagatik. Biktimak udaltzainei esan dienez, eskuarki jasaten zituen kontrola, jazarpena eta mehatxuak.
23:00ak aldera gertatu zen erasoa atzo, Koroatzearen auzoan. Ordu horretan, eraso matxistaren berri jaso zuten udaltzainek, dei baten bitartez.
Agenteek, baina, ez zuten inor aurkitu ustez erasoa gertatu zen lekuan. Inguruko establezimenduetako langileek auzoko etxebizitza batera bideratu zituzten, orduan, udaltzainak.
Emakumeak esan zienez, bikotekideak ez zion etxetik ateratzen utzi, eta eskuan min egin zion. Ospitalera eraman zuten beranduago.
Emakume bat atxilotu dute bere amari eraso egiteagatik
Bestalde, 56 urteko emakume bat hartu dute bart atxilo Arabako hiriburuan, amari (80 urtetik gorakoa) eraso egiteagatik. Antza denez, ez zen eraso egiten zion lehenengo aldia.
Udaltzaingoak gaur, ostegunarekin, jakinarazi duenez, erasotzailea 14:30 inguruan atxilotu zuten alde zaharreko etxebizitza batean. Etxeko indarkeria kasu baten berri jasota, erasoa gertatu zen lekura bertaratu ziren agenteak ordu horretan.
Etxebizitzara heltzean, ustezko erasotzailearekin egin zuten topo. Hark ohartarazi zien bere ama botikan zegola.
Poliziak emakumearen bila joan ziren, eta hantxe aurkitu zuten. Erasoa jaso izana onartu zuen biktimak, eta aitortu zien askotan jasaten zituela gisa horretako erasoak.