Gizartea -

Gipuzkoako Auzitegia

Cocaren hilketaren epaiketa urrira atzeratzea eskatu du Fiskaltzak

Era berean, Ministerio Publikoak gogorarazi du auzipetuetako batek ihes egin duela, eta "denbora" eman behar zaiola hura atxilotzeko nazioarteko aginduari.

Jusitizia Auzitegia. Argazkia: EITB
Jusitizia Auzitegia. Argazkia: EITB
Jusitizia Auzitegia. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Cocaren hilketaren epaiketa urrira atzeratzea eskatu dio Fiskaltzak Gipuzkoako Auzitegiari. 2019ko martxoan Donostian jipoitu ostean hil zen gaztearen epaiketa martxoan zen egitekoa, baina auzipetutako sei lagunetako bat ihes eginda dago.

Auzipetu hori desagertuta dago aurreko urrian agintari judizialaren aurrera joan ez zenetik. Behin behineko askatasuna lortzeko kautelazko neurrietako bat zen noizean behin agintari judizialen aurrera joatea, pasaportea entregatzearekin batera.

Auzitegiko presidente magistratuak hartu zuen kasuaren ardura otsailaren 13an, eta Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari auzipetua "bilatzeko eta atxilotzeko" eskatu zien, epaiketa gerturatzen ari zela eta.

Gainera, asteazken honetan nazioarteko atxilotzeko agindua eman zuen, eta ihesean dagoenez, "aurkezten den edo aurkitzen duten" arte bere aurkako auzia bertan behera utzi zuen.

Hala ere, gainerako auzipetuen aurkako ahozko epaiketa egiteko izapideek aurrera jarraitu dute, eta epaimahaia aukeratzeko prozesuan, Fiskaltzak epaiketa urrira atzeratzea eskatu zuen, nazioarteko atxilotzeko aginduak ordurako fruitua emango duelakoan.

Bien bitartean, Ministerio Publikoaren ordezkariak idatzi bat aurkeztu du gogoraraziz "denbora" eman behar zaiola hura atxilotzeko nazioarteko aginduari.

Horren harira, Fiskaltzak aipatu du otsailaren 22an erabaki zuela epaileak iheslariaren auzia bertan behera uztea, duela bi egun, eta ez dela nahikoa denbora ihes egindako auzipetua agertuko den ala ez jakiteko.

Orain, Auzitegiak akusazio partikularrari (hildakoaren familia), herri akusazioari (Donostiako Udala) eta defentsei helaraziko die eskaera, eta euren iritzia eman beharko dute behin betiko erabakia hartu aurretik.

Santiago Coca 2019ko apirilaren 26ko goizaldean jipoitu zuten Donostia erdiguneko dantzaleku baten kanpoaldean, 17 urte zituela. Osasun zerbitzuek artatu eta Donostiako Ospitalera eraman zuten. Bertan bi egun egin zituen koma egoeran, hil aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak