Gizartea -
EPAIKETA
Hernanin 2021ean gizon bat hiltzen saiatzeagatik auzipetutako hiru pertsonen aurkako epaiketa gaur hasiko da
Etxola batean aurkitu zuten biktima, eskuak lotuta eta zauri oso larriak zituela. Fiskaltzak hamahiruna urteko espetxe zigorra eskatzen du akusatuentzat.
EITB MEDIA
Bi gizonezko eta emakumezko bat auzipetuen aulkian eseriko dira gaur Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, 2021eko apirilaren 16an Hernanin gizonezko bat hiltzen saiatzea egotzita. Jipoi handi bat eman ondoren, eskuak lotuta abandonatzea leporatzen diete.
Hamahiruna urteko espetxe zigorra eskatzen du Gipuzkoako Fiskaltzak hiru auzipetuentzat. Horietako biri —42 urteko gizonezkoa eta 33 urteko emakumezkoa— hilketa saiakera egozten diete, eta hirugarrenari —51 urteko gizonezkoa—, berriz, hilketa saiakeran ezinbesteko laguntza ematea.
Akusazio idatziaren arabera, okupatutako lokal baten atarian izan zen erasoa. Antza, iluntzeko 21:30 inguruan biktima toki horretara joan zen, eta bertan zegoen akusatuetako batekin eztabaidan hasi zen. Hortik aurrera, "oso modu bortitzean" jipoitu zuten biktima.
Handik bi egunera aurkitu zuten inguruko etxola batean, eskuak lotuta eta zauri oso larriak zituela, eta Donostia Ospitalera eraman zuten.
Espetxe zigorra ez ezik, biktimarentzako 15.000 euroko kalte-ordaina ere eskatzen die akusatuei Fiskaltzak.