Gizartea -
MATRIKULAZIO DATUAK
12.106 haur aurrematrikulatu dituzte EAEko bi urteko geletan, iaz baino % 4,1 gehiago
Hezkuntza sailburuak emandako behin-behineko matrikulazio datuen arabera, iaz baino 482 gehiago dira.
O. A. | EITB MEDIA
Ostiralean amaitu zen Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan 2023-2024 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea, eta Hezkuntza sailburuak behin-behineko datuak jakinarazi ditu gaur. Guztira, 12.106 ikaslek eman dute izena bi urteko geletan sartzeko. Horrela, jaiotze tasa jaitsi arren, iaz baino 482 ikasle gehiago aurrematrikulatu dira, % 4,14 gehiago.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, igoera txiki horren arrazoia covid-19a izan daiteke. Iaz, pandemiak bultzatuta, guraso askok haurra ikastetxera ez eramatea erabaki zutela adierazi du.
Matrikulazioari lotutako egutegiarekin jarraituz, martxoaren 28an behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, eta erreklamazioak aurkezteko epea zabalduko da. Apirilaren 20an, esleitutako plazen zerrendak argitaratuko dira, eta maiatzaren 22ra arteko epea egongo da behin betiko zerrendei errekurtsoak jartzeko.
Steilas sindikatuak salatu duenez, ikastetxe pribatuen gaineskaintza dago. Hala ere, sailburuaren arabera, itunpeko ikastetxeek ezingo dute aurreko urtean baino gela itundu gehiago izan. Aitzitik, ikastetxe publikoek ez daukate matrikulazio mugarik.