Gizartea -

Trans Legea indarrean

16 urtetik gorakoek sexua aldatu ahalko dute gaurtik aurrera Erregistro Zibilean, baldintzarik bete gabe

Horrela, gaurtik aurrera nahikoa izango da hala nahi duenak idatziz erregistro-aldaketa eskatzea, frogarik eta lekukorik aurkeztu beharrik gabe.

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

16 urtetik gorakoek gaurtik aurrera aldatu ahalko dituzte izena eta sexua Erregistro Zibilean, inolako baldintzarik gabe, Trans Legea indarrean sartu ondoren.

Horrela, gaurtik aurrera nahikoa izango da hala nahi duenak idatziz erregistro-aldaketa eskatzea, frogarik eta lekukorik aurkeztu beharrik gabe. Erabaki hori eskatzaileak berretsi beharko du hiru hilabete geroago, eta Administrazioak, berriz, hilabete gehiago izango du aldaketa jasotzeko. Hau da, prozesuak gehienez lau hilabete iraungo du.

Legeak Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak 2007an onartutako testua aldatzen du. Testu horrek gutxienez bi urteko hormonazioa eta genero-disforia egiaztatzen zuen diagnostiko medikoa eskatzen zituen erregistro-aldaketarako.

Arau hau indarrean sartzeak, halaber, izena eta sexua aldatzeko aukera ematen die 14 eta 16 urte bitarteko adingabeei, baina, hala badagokio, gurasoen edo tutoreen baimena izan beharko dute eskaera egiteko. Adingabe batek ez badu haien baimenik, defendatzaile judizial bat izendatuko da gatazka ebazteko.

Gainera, 12 eta 14 urte bitarteko haurrek generoa alda dezakete, baldin eta adingabeak epaile baten baimena badu, epaile horrek haren heldutasuna aztertu ostean; 12 urtetik beherakoek, berriz, ezin dute sexuaren erregistro-aipamena aldatu, baina bai izena, identifikatzen duen generora egokitzeko.

Aitzitik, legeak baimentzen du trans pertsona batek, sei hilabeteren buruan, bere jatorrizko sexura itzultzea eska dezakeela, aldaketa eskatu zuen modu berean. Hirugarrenez aldatu nahi izango balu, azken hitza epaile batek izango luke orduan, eta hark erabakiko luke lege-iruzurraren itxura ote duen.

Legeak LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko neurriak ere jasotzen ditu, hala nola bikote lesbianen seme-alaben filiazioa, ezkonduta egon behar izan gabe.

Gainera, emakume ezkongabeek, lesbianek eta bisexualek laguntza bidezko ugalketarako eskubidea izango dute, eta aniztasunari buruzko prestakuntza jarriko da abian adineko pertsonen laguntzaileentzat, bai eta hezkuntza eta kolektiboaren diskriminazioaren aurkako neurriak ere (lan-arlokoak, sozialak, aisialdikoak...).

'Sexilioa' ere aitortzen da, hau da, pertsona batek herri edo hiri bat uztea, bere inguruan toki horretan jasaten duen diskriminazioa edo LGTBIfobia dela eta, edo konbertsio-terapia gisa ezagutzen direnak debekatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Homofobia Albisteak LGTBI