Gizartea -
Berdintasunera bidean
Zergatik daude hain emakume gutxi lanpostu batzuetan?
Tradizioak lanbide batzuk “gizonezkoenak” zirela esan izan digu eta, garai batean, gutxi ziren bide hori aukeratzen ausartzen ziren emakumeak. Ingeniaritzak dira horietako batzuk, baita orkestra-zuzendaritza ere. Horietan aritzen diren hiru emakumeren iritzia jaso dugu.
A.A.E. | EITB Media
Ingeniaritzak eta musika taldeen zuzendaritza oso lanbide ezberdinak dira. Hala ere, badute zerbait komunean: orain arte, emakume gutxi aritu izan dira horietan lanean. Zaloa Campillo, Amaia Horcada eta Ane Legarreta dira horietako hiru. Euren bide propioa jarraitu dute hirurek, inguruak esan edo erakutsi dienari jaramonik egin gabe. Generoak euren lanetan ez duela batere eragiten egiaztatzen dute egunero.
Zaloa Campillo Mandaluniz (Gernika, 1980) telekomunikazio teknologietako ingeniaria eta industria ingeniaria da ikasketaz eta, gaur egun, Euskadiko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoko gerentea da. Bere ustetan, neska gazteak ahalduntzea funtsezkoa da ikasketa tekniko hauen aldeko hautua egin dezaten. "Ikaskide guztiak ezezagunak izango diren unibertsitate batera bakarrik joatea zaila izan" daitekeela irizten dio eta, askotan, norberaren benetako nahien arabera erabakiak hartu ordez, ingurukoek aukeratzen dutenaren arabera jokatzen dela uste du. Unibertsitatera bakarrik joateko erronkari aurre egiteko gai direla sentiaraztea garrantzitsua da Zaloarentzat.
Horrekin batera, ingeniaritzak ezagutzera ematearen beharraz ohartarazi du; "ezagutzen ez dena, ezin da aukeratu" dio. Bere iritziz, gizartean, orokorrean, ez dago oso argi ingeniaritzak zertarako diren. Telekomunikazio ingeniaritza, esate baterako, datuak satelite bidez edo kable bidez garraiatzeaz arduratzen zen duela urte batzuk. "Gaur egun, ordea, datuan egiten dugu lan eta ia sektore guztietan aritzen gara: osasun munduan bizitzak salbatzen, mugikortasun adimentsua lortzen, food techean, industrian, heziketan…"
Iritzi berekoa da Amaia Horcada Goñi (Altsasu, 1969) baso-ingeniaria ere. Berak ere ez zuen baso-ingeniaritza ezagutzen eta zerrenda batean irakurri zuelako aukeratu zuen. "Jende askok ez daki basoa kudeatu egiten dela, hainbat urtetarako planak egiten direla eta basoan zer egin eta zer ez ongi kalkulatu ondoren erabakitzen dela". Lanbide hauek ezagutzera ematea ezinbestekoa da Amaiaren aburuz, "oso gutxi baikara orokorrean".
Alabaina, behin ezagututa, ez du ulertzen zerk uxatu ditzakeen emakumeak arlo honetatik. "Ipuin zaharrek basoa iluna eta arriskutsua zela esaten zuten, baina gaur egun gure lanean ez dago inolako arriskurik. Alderantziz, naturan lan egiteak askatasun handia ematen du". Mendian ibiltzea gustuko duen edozeinentzat, gizon ala emakume, oso lanbide egokia dela irizten dio. "Generoak ez du inolako alderik jartzen, berdin egiten dugu lana".
Ingeniaritzekin alderatuta oso ezberdina da Ane Legarreta Mendezen (Galdakao, 1994) lanbidea. "Artisten mundu honetako prekarietatearen ondorioz", orkestra-zuzendari izatearen aldeko erabakia hartzea ez dela erraza aitortzen du Zumarragako eta Getxoko banden zuzendaria den gazteak. Esate baterako, egun puntualetan, gonbidatu gisa, orkestrak zuzentzeko aukera ematen bazaie ere, oso gutxi dira zuzendari titular postu baten jabe diren emakumeak. Ohikoena kontzertu baterako edo proiektu batetarako kontratazioak egitea izaten da eta, beraz, egonkortasun gutxi eskaintzen duen lanbidea da.
Orkestra-zuzendaritzan emakume gutxi ikustearen beste arrazoietako bat erreferenteak diren emakumeen falta da Ane Legarretaren iritzian. Duela gutxi arte, Inma Shara arabarra zen Euskal Herriko emakumezko zuzendari ezagun bakarra.
Aneren aburuz, emakumeak "gehiagotan programatu behar dira, bai zuzendari gisa, bai konposatzaile gisa". Helburu horrekin sortu du ESAS (Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea) elkartea beste hainbat kiderekin batera. Emakumez soilik osatuta dagoen orkestra bat osatu berri dute eta kontzertuak ematen hasi dira.