Gizartea -

EUSKARA

Auzitegiak euskarari buruz emandako epaiak hizkuntza eskakizunen sistema osoa auzitan jarri du, adituen ustez

Erreakzio soka luzea ekarri du euskara eskakizunen inguruan emandako azken epaiak. Adituek erabakiaren "larritasuna" nabarmendu dute, euskararen normalizazioaren bidean lortutako adostasunak kolokan jartzen dituelako eta sistema oso baten kontrakoa delako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia. Artxiboko argazkia: EITB
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia. Artxiboko argazkia: EITB
Gipuzkoako Aldundiak helegitea aurkeztuko du Euskadiko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren aurka

1:16

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpi fundazioaren enplegu publikorako deialdia baliogabe jo eta biharamunean, ebazpenak erreakzio soka luzea ekarri du, aditu askok uste baitute honek hizkuntza eskakizunen sistema osoa jarri duela auzitan.

Iñigo Urrutia EHUko Zuzenbide katedradunak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan azpimarratu du azken epai honetan, aurretik izan direnetan ez bezala, hizkuntza eskakizunen dekretua Konstituzioaren aurkakotzat jotzen dela, eta, hortaz, oraingoan hizkuntza eskakizunen araudiaren aurka egiten duela sententziak. 

"Benetan larria da. Hizkuntza eskakizunak arautzen dituen dekretua aipatu, interpretatu eta baliorik gabe uzten da. Beraz, esan daiteke hizkuntza planifikazioa ezerezean geratu den Konstituzioaren kontrakotzat hartzen dela. Erabat babesgabe uzten du euskara", esan du.

Epaiak hitzez hitz dio gaztelaniaz hitz egiten duten hiztunak enplegu deialditik kanpoan uzten direla, "de facto", B2 euskara eskakizuna baldintza dela 34 plazetako 32tan, eta meritu, beste bietan. Desproportzioa aipatzen du, baita hizkuntza eskakizunen dekretuak zehaztutako helburuak ezin direla lan eskaintza bakarrean lortu ere.

Testuinguru horretan, kasazio helegitea jartzeko oinarria ikusten du EHUko katedradunak; izan ere, horren aburuz, epaiari aurka egin ezean, litekeena da Konstituzioaren kontrakoa izatea euskara exijitzea lanpostu publikoetarako.

Kataluniako eta Galiziako kasuak aipatu ditu: "Katalunian eta Galizian ez dago hizkuntza eskakizunen sistemarik. Han, administrazio publikoko langile izateko, katalana edo galegoa jakitea nahitaezkoa da plaza guzti-guztietan. Alde horretatik, Konstituzio Auzitegiaren babesa du. Beraz, jurisprudentzia konstituzional horretan oinarrituta, kasazio helegitea aurkeztea posible dela uste dut".

Bide berean, helegite hori aurkeztu, eta azkenera arte joango direla adierazi du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta euskararentzat "kolpe handia" izan dela. "Sententzia honen aurrean, guk egin ahal dugun guztia egingo dugu benetan atzera bota dadin, helegitea aurkeztuko dugu eta muturreraino eramango dugu", adierazi du.

Unai Urruzuno EH Bilduren bozeramaileak Euskadi Irratian gaiari buruz galdetuta esan duenez, euskararen aurkako "ofentsiba politiko eta judizial oso larri baten aurrean gaude". Horren hitzetan, "ez da sententzia huts bat, herri oso baten hizkuntza eskubideak auzitan jartzera datorren neurri bat baizik". "Ez gaude gizarte elebidun batean, gizarte diglosiko batean gaude, eta borondate bat dago estamentu batzuen aldetik diglosia horri eusteko, euskara bigarren mailako izaten mantentzeko", erantsi du.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak "euskararen aurkako oldarraldi judizialean" dela uste du atzoko epaia, eta Euskararen inguruan urtetan lortu diren adostasunak ezerezean uzten dituela.

Eskisabel: ''Euskararen normalizaziorako adostutako bideen aurkako beste epai larri bat da''
Eskisabel: ''Euskararen normalizaziorako adostutako bideen aurkako beste epai larri bat da''
Eskisabel: ''Euskararen normalizaziorako adostutako bideen aurkako beste epai larri bat da''

0:21

Gipuzkoako Foru Aldundiak ziurtatu du helegitea aurkeztuko duela. Baina Auzitegi Gorenak uko egin zion kasazioa onartzeari Irungo udal-polizien euskara-eskakizunen kasuan. Bi auzietan salaketa jarri dutenen abokatuak, Francisco Lopez Lerak, zalantzan jarri du auziaren Radio Euskadiko "Boulevard" saioan Uliazpiren helegiteak aurrera egin dezakeen.

Bien bitartean, goizean, Uliazpiko lan batzordeak protesta egin du Donostian, "Hizkuntza Eskubideak Defendatu" lelopean. "Euskarafobo" deitu duten epaia langileentzat kolpea izan dela adierazi dute; izan ere, deialdia gainditua zuten 34 langilek postu finkoa zuten jada, eta orain zalantzan geratu da horien lanpostua.

''Epai euskarafoboa'' salatu dute Uliazpi Fundazioko langileek
''Epai euskarafoboa'' salatu dute Uliazpi Fundazioko langileek
''Epai euskarafoboa'' salatu dute Uliazpi Fundazioko langileek

0:37
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak