Gizartea -

Zientzia

Ikerketarako hiru zentro berri izango dira Euskadin

Ikerketa zentro berriek (BERC) neurozientzia, polimeroak eta material berriak aztertuko dituzte, eta 2,83 milioi euroko aurrekontua izango dute. 2016ra arte, 300 ikertzaileri emango diete lana.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Neurozientzia, polimeroak eta material berriak aztertzeko hiru ikerketa zentro berri (BERC) izango dira Euskadin. Guztira, 2,83 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta 2016ra arte 300 ikertzaileri emango diete lana.

Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak aurkeztu dituzte zentro berriak, Bilbon. Horrela, Euskadin elitezko bederatzi ikerketa zentro izango dira.

Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroari lehen euskal neurozientzialariaren omenez jarri diote izena, eta Carlos Matutek zuzenduko du. Garunaren biologia aztertuko dute bertan, alzheimerrarentzat, esklerosi anizkoitzarentzat eta garuneko hodietako istripuentzat terapia berriak topatzeko.

Materialen eta Nanoegituren BCMaterialak Zentroak Manu Barandiaran izango du zuzendari zientifiko, eta material adimendunekin egingo du lan. Zentroa, besteak beste, nanoegituretan espezializatuko da, eta 90 ikertzailek egingo dute lan bertan.

BERC Polymat zentroak Jose Maria Asua izango du arduradun. Bertan, energiaren, osasunaren eta iraunkortasunaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko polimero berrien sintesiak landuko dituzte.

Hiru ikerketa zentroak 13 proiekturen artean aukeratu dituzte. Hirurak EHUko ikerketa taldeen parte dira, eta, oraingoz, orain arteko lekuetan jarraituko dute, egoitza propioa eraiki arte.

Horrela, makromolekuletan espezializatutako zentroa Gipuzkoako campusean egongo da, eta BERCen beste biak EHUren Zientzia Parkean geldituko dira, Bizkaiko campusean. Errektoreak iragarri duenez, urtearen amaieran emango dituzte parkeko lehen eraikinak. Ikerketarako parke berriak, guztira, 190.000 metro karratu izango ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea