Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadi
Elgarrestak "Bai bakarrik da bai" legearen balioa onartu eta ez du gobernukideen akordio falta "ulertzen"
Emakundeko zuzendariaren ustez, zatiketa horrek ez die "mesederik egiten" berdintasun politikei eta sexu indarkerien aurkako esku hartzeei.
E. G. | EITB Media
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren iritzian, "Bai bakarrik da bai" legea "oso tresna ona" da, duen balioa onartuta. Bestalde, araudiaren harira, Espainiako Gobernuko kideen artean, PSOE eta Unidas Podemos alderdien artean, sortu den ika-mika eta akordio falta ez duela ulertzen aitortu du. "Pena da akordioa lortu ez izana, zatiketa horrek ez die mesede egiten berdintasun politikei eta sexu indarkerien aurkako esku hartzeei", deitoratu du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan.
Martxoaren 8ko bezperan New Yorketik eskainitako elkarrizketa batean —Elgarresta AEBn da, berdintasun politiken inguruko Nazio Batuen goi bilera batean parte hartzeko— Emakundeko zuzendariak azpimarratu duenez, legearen zati handienak "onurak ekarriko ditu sexu indarkeriak artatu, aurrea hartu eta egin beharreko transformazio sozialaren alorrean".
Gaur arratsaldean Kongresuan egingo duten bozketaz, Elgarrestak PPren eta PSOEren edo EAJren botoak bereizi ditu. Lehenengoen gainean esan du badela "halako kontraesan bat", Alderdi Popularrak legearen kontra bozkatu zuelako, eta, beraz, "bestelako interes politikoak" daude tartean. Kontrara, sozialistak eta jeltzaleak zigorrak murrizteko aukera konpondu nahian dabiltzala azaldu du, "segurtasun juridiko gehiago" emateko.
Bestalde, Ministroen Kontseiluak gaur onartuko duen Parekotasun Legearen inguruan, Elgarrestak gogorarazi du EAEn duela 18 urte sartu zela indarrean Berdintasun Legea, eta "ibilbide garrantzitsua" egin dela bide horretan: "Eredua aldatu zen, eta aldaketa nabarmenak egin ziren". Besteak beste, Legebiltzarrean parekotasuna erdietsi dela nabarmendu du. Dena dela, gaineratu duenez, udaletan "bidea" dago egiteko, eta eremu pribatuan beste ekimen batzuk behar dira ezberdintasuna sortzen duten rol horiek aldatzeko.