Gizartea -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Zaintza lanak familiatik kanpo kokatzeko beharra azpimarratu du Melgosak, emakumeak bere gain hartu ez ditzan
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, arreta beste modu batean antolatu behar da eta 80ko hamarkadako zaintza komunitarioaren espirituaren aldeko aldarrikapena egin du.
O. A. | EITB MEDIA
Gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, ardura postuetan emakumeen presentzia areagotzea eta zaintza eredua eraldatzea aldarrikatuko dute Emakundek, erakundeek eta mugimendu feministak. Aldarrikapen horiekin bat eginez, zaintza sistema irauli eta 80ko hamarkadako zaintza komunitarioa berreskuratzearen alde hitz egin du Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, zaintza lanak familiatik kanpo kokatzeko beharra azpimarratu du, hori egin ezean emakumeek bere gain hartzen dituztelakoan.
Melgosa oso kezkatuta mintzatu da "trantsizio sozial eta demografikoa" deitutakoarekin, eta, demografiaren piramidea ikusita, arreta beste modu batean antolatu behar dela nabarmendu du. Ildo horretan, adinekoen egoitza zentroak eraldatzearen beharraz hitz egin du eskumena duten Foru Aldundiekin elkarlanean. Halaber, zaintzaren esparruan Euskal Herrian sustraituta dauden auzolana eta elkarlana indartu behar direla uste du: "Komunitateak ere bere ardura hartu beharko du".
Horrekin lotuta, Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztuko du EAEko Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoa, besteak beste, helburu hauek dituena: erakundeen gizarte-zaintzan inbertitzea, komunitatean arreta bultzatzea eta adinekoen egoitzak eraldatzea.
Bestalde, ardura postuetan emakume gehiago ez egoteko zerk huts egiten duen galdetuta, enpresa batzuetan barneratuta dagoen antolaketa-kultura aldatu behar dela adierazi du. "Ez dira bakarrik zenbakiak, hor dauden oztopoak gainditu behar ditugu", azaldu du. Horrez gain, hezkuntzan eta emakume erreferenteak sortzeko lanean ere jarri du azpimarra.