Gizartea -

Hilketa Andoainen

Gazte batek pisu-kidea hil du Andoaingo etxe okupatu batean

Ustezko hiltzaileak 21 urte ditu. Gorpuak egunak zeramatzan armairu batean ezkutatuta. Antza, erasotzaileak eta biktimak bizikidetza arazoak zituzten.

Hilketa burutu zen eraikina. Argazkia: EITB
Hilketa burutu zen eraikina. Argazkia: EITB
Andoainen pisukidea hil duen gaztea atxilotu egin dute

01:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 21 urteko gazte bat atxilotu du Andoainen, pisu-kidea hiltzea eta gorpua zenbait egunez ezkutatuta izatea leporatuta.

Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, hilotza atzo gauean (23:45) topatu zuten, erortzear dagoen eraikin okupatu batean. Eraikinera heltzean, ertzainak lehen solairutik kirats handia zetorrela ohartu ziren eta bertaratzean, bizilagun batek esandakoa egia zela konprobatu zuten, alegia, usteltzen ari zen gorpu bat zegoela egiaztatu zuten. Hilotza armairu batean ezkutatuta eta manta batekin estalita zegoen. Pisu horretan bizi ziren lagun guztiak identifikatu ostean, Ertzaintzak 21 urteko gazte estatubatuar bat atxilotu zuen, ustezko hiltzailea zelakoan. Antza, mailu bat erabilita burutu zuten krimena. Herrizaingo Sailaren ikerketaren arabera, erasotzailea eta biktima elkarrekin bizi ziren, baina bizikidetza arazoak zituzten.

Duela zenbait egun eztabaida gogorra izan zuten eta liskar horretan atxilotutako lagunak pisu-kidea hil zuen. Jarraian, gorpua manta batekin estali eta armairu baten ezkutatu zuen. Ustezko hiltzailea Ertzaintzaren esku dago oraindik eta datozen orduen eramango dute epailearen aurrera.

Afrikar 'handia eta lasaia'

Ustez pisu-kideak hil duen gizonezkoa afrikarra zen, gizon "handia" eta inguruan "tabako eske" ibiltzen zela esan dute bizilagunek.

Pablo Barrutia Buruntza tabernako jabeak kontatu duenez, "lasai-lasai ibiltzen zen". Tabernatik eman zuten abisua, izan ere, hildakoaren lagun bat garrasika irten zen eraikinetik laguna hilda aurkitu zuela ohartaraziz.

Herrizaingo Sailak adierazi duenez, hildakoa 52 urteko gizonezkoa da, jatorriz Sierra Leonakoa. Gorpua Donostiako auzitegi patologikora eraman dute autopsia egiteko.

Taberna horren jabearen eta bizilagun batzuen esanetan, hildakoak hainbat hilabete zeramatzan bertan bizitzen, tabernara laguntza eske joan zen lagunak bezalaxe, eta pertsona lasaiak dira. "Amerikarra (ustezko hiltzailea) ere beltza da, itxuraz oso jatorra", horien hitzetan. Erakinean hamar lagun inguru (denak beltzak) bizi direla adierazi dute, baina azken egunetan "italiar zuri bat" iritsi dela gaineratu dute.

Andoaingo Udalak hilketa gaitzetsi du

Andoaingo Udalak bizilagunaren heriotza gaitzetsi du, eta haren senide eta lagunei elkartasuna adierazi die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea