Gizartea -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Donostiaren saturazio turistikoa ukatu du Goiak, baina ostatu eskaintza kontrolatzeko beharra azpimarratu du

Donostiako alkateak hirian ostatu hartzen dutenen eta eguna pasatzera doazen bisitarien arteko aldea nabarmendu du. Halaber, ez du uste etxe turistikoak irekitzeko baimenak eteteak etxebizitzaren prezioa jaitsiko duenik.

Eneko Goia Radio Euskadin
Eneko Goia Radio Euskadin
Eneko Goia Radio Euskadin

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostian hotel eta etxebizitza turistiko berriak zabaltzeko baimenak urtebetez eteteko erabakia defendatu du gaur goizean Eneko Goia Donostiako alkateak. Horren esanetan, ostatu eskaintza hori kontrolatzeko eta arautzeko garaia iritsi da. Azaldu duenez, hiriak 2015ean zuen ostatu gabezia handiari erantzun behar izan dio, besteak beste, biltzarrak eta ekitaldiak antolatzeko oztopo handia zelako, baina azken urteetan nabarmen igo da plaza kopurua. "Erabakiaren helburua jarduera arautzea eta orekatzea da", argudiatu du.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskaini dion elkarrizketan, saturazio turistikoa dagoela ukatu du: "Donostiak ez du biztanleko ostatu ratio bereziki handia". Gaineratu duenez, hirian ostatu hartzen dutenen eta eguna pasatzera doazen bisitariak ezberdindu behar dira, eta azken horiek ere areagotu egin direla onartu du.

Hortaz, Donostiako Udalak hotelak eta erabilera turistikoko etxebizitzak irekitzeko baimenak emateari utziko dio lantzen ari diren Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) onartu bitartean. Aurretiazko onarpena egiteko urtebete epea du Udalak eta bi urtean Plan Orokorrean jasota egon beharko du.

Bestalde, Goiak ez du uste etxe turistikoak irekitzeko baimenak eteteak etxebizitzaren prezioa jaitsiko duenik. "Badira beste arrazoi batzuk Donostiako etxebizitzen prezioa altua izatea eragiten dutenak. Ez dut esaten eskaintza handia izateak eraginik ez duenik, baina kontuan hartuta etxebizitza parke osotik (90.000) 1.300 direla etxe turistikoak ez dut uste prezioa gehien baldintzatzen duen arrazoia hori denik", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Eneko Goia albisteak Turismoa Euskadi Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa