Gizartea -
EHUren udako ikastaroak
Krisiaren ostean etorkizuna hezkuntzan dagoela esan du Patxi Lopezek
Lehendakariak esan du ez duela aurrekontuetan murrizketarik egingo "etorkizuna benetan jokatzen den lekuan".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak berriro ere esan du Eusko Jaurlaritzak aurrekontuetan ez duela murrizketarik egingo "etorkizuna benetan jokatzen den lekuan", eta "krisiaren ostean etorkizunik balego, geure gizartearentzat lehiakortasunaren eta garapenaren itxaropena balego, hori hezkuntzatik eta ikerkuntzaren eskutik bakarrik etorri daiteke”.
Patxi Lopezek EHUren Udako Ikastaroen XXXI. edizioari hasiera eman dio Donostian. Ekitaldi horretan, besteak beste, honako hauek izan dira: Isabel Celaa Hezkuntza sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea.
Euskal Herriko Unibertsitateak duen "lehentasuna” nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak “krisi ekonomikoko egoera batean”, eta horren konpromisoa, esan duenez, “unibertsitate politikan, politika zientifikoan eta teknologikoan Euskadi Ereduak” jasotzen du.
Haren hitzetan, ikertzaileak, zientifikoak eta unibertsitatea “oinarrizko atala dira gizarte modernoetan”, bai garapen ekonomikotik begiratuta, baita garapen sozialetik begiratuta ere.
Patxi Lopezek azaldu duenez, "froga enpirikoak daude” “benetako arrakasta, jasangarritasunarekin bat datorrena, berdintasunezko gizarteetan, hezkuntzarekin kontzientziatuta daudenetan bakarrik da zilegi”.