Gizartea -
Hilketa Andoainen
Andoainen atxilotutako gazteak Martuteneko espetxean pasatu du gaua
Gorpuak egunak zeramatzan armairu batean ezkutatuta. Ustezko hiltzailea, 21 urteko gaztea, Martuteneko espetxean dago jada.
Erredakzioa
Pisu-kidea hiltzeagatik atxilotu duten 21 urteko estatubatuarrak Martuteneko espetxean pasatu du gaua.
Ustezko hiltzailea eta biktima okupatutako etxe batean bizi ziren, eta ustez, liskar handi batek eragin omen zuen krimena.
Herrizaingo Sailak jakitera eman zuenez, hilotza astelehen gauean (23:45) topatu zuten, erortzear dagoen eraikin okupatu batean. Eraikinera heltzean, ertzainak lehen solairutik kirats handia zetorrela ohartu ziren eta bertaratzean, bizilagun batek esandakoa egia zela konprobatu zuten, alegia, usteltzen ari zen gorpu bat zegoela egiaztatu zuten. Hilotza armairu batean ezkutatuta eta manta batekin estalita zegoen. Pisu horretan bizi ziren lagun guztiak identifikatu ostean, Ertzaintzak 21 urteko gazte estatubatuar bat atxilotu zuen, ustezko hiltzailea zelakoan. Antza, mailu bat erabilita burutu zuten krimena. Herrizaingo Sailaren ikerketaren arabera, erasotzailea eta biktima elkarrekin bizi ziren, baina bizikidetza arazoak zituzten.
Duela zenbait egun eztabaida gogorra izan zuten eta liskar horretan atxilotutako lagunak pisu-kidea hil zuen. Jarraian, gorpua manta batekin estali eta armairu baten ezkutatu zuen. Afrikar 'handia eta lasaia'
Ustez pisu-kideak hil duen gizonezkoa afrikarra zen, gizon "handia" eta inguruan "tabako eske" ibiltzen zela esan dute bizilagunek.
Pablo Barrutia Buruntza tabernako jabeak kontatu duenez, "lasai-lasai ibiltzen zen". Tabernatik eman zuten abisua, izan ere, hildakoaren lagun bat garrasika irten zen eraikinetik laguna hilda aurkitu zuela ohartaraziz.
Herrizaingo Sailak adierazi duenez, hildakoa 52 urteko gizonezkoa da, jatorriz Sierra Leonakoa. Gorpua Donostiako auzitegi patologikora eraman dute autopsia egiteko.
Taberna horren jabearen eta bizilagun batzuen esanetan, hildakoak hainbat hilabete zeramatzan bertan bizitzen, tabernara laguntza eske joan zen lagunak bezalaxe, eta pertsona lasaiak dira. "Amerikarra (ustezko hiltzailea) ere beltza da, itxuraz oso jatorra", horien hitzetan. Erakinean hamar lagun inguru (denak beltzak) bizi direla adierazi dute, baina azken egunetan "italiar zuri bat" iritsi dela gaineratu dute.
Andoaingo Udalak hilketa gaitzetsi du
Andoaingo Udalak bizilagunaren heriotza gaitzetsi du, eta haren senide eta lagunei elkartasuna adierazi die.