Gizartea -
Koronabirusa
Pandemia hasi zenetik gaixo kopuru txikiena hauteman du Euskadik
Azken astean, 50 paziente daude ospitaleratuta eta hiru pertsona hil dira koronabirusak jota.
Agentziak | EITB Media
Pandemia hasi zenetik, covid-19a duten gaixoen kopuru txikiena hauteman dute EAEko ospitaleetan: 50 paziente daude ospitaleratuta, horietatik 47 plantan daude, duela bi aste baino 12 gutxiago, eta hiru ZIUetan, bi gutxiago.
Datuok Osasun Sailak hamabostean behin argitaratzen duen pandemiaren bilakaerari buruzko azken buletin epidemiologikoan agertzen dira. Aurreko txostena martxoaren 6an zabaldu zen.
Datu horien arabera, azken astean hiru pertsona hil dira covidak jota, duela astebete bost izan zirelarik, eta duela hamabost egun, bakarra. Pandemia hasi zenetik 8.524 heriotza zenbatu dira Euskadin gaixotasun horren ondorioz.
60 urte edo gehiagoko biztanleen artean 14 egunetan metatutako intzidentzia apur bat igo da, 45,78 kasutik astelehen honetako 55,30era.
Azken astean kolektibo horretan hautemandako kutsatzeen kopuruak ere gora egin du 173ra arte, aurreko buletinean agertzen zena baino 39 gehiago.