Gizartea -
Hondakinen kudeaketa
PSE-EErekin eta PPrekin bildu da Garitano, aurrerapausorik gabe
Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Ingurumen diputatuak Denis Itxaso (PSE-EE) eta Juan Carlos Cano (PP) hartu dituzte asteazken honetan. Ostegunean EAJrekin bilduko dira Bilduko ordezkariak.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatua PSE-EEko eta PPko ordezkariekin bildu dira, baina ez dute aurrerapausorik eman zaborraren kudeaketaren inguruan lurralde horretan sortu den gatazkari irtenbidea emateko prozesuan. Bileraren ondoren bidalitako ohar batean, elkarrizketa ''berandu'' iritsi dela esan du PSE-EEk. Bertan azaldu dutenez, Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko ''garai berria'' irekitzea eskatu dio Denis Itxaso PSE-EEko ingurumen idazkariak Garitanori. Itxasoren ustez, Aldundiaren jarrerak ''barregarri'' utzi du Gipuzkoa, eta haren irudiari ''kalte'' egin dio.
Itxasok salatu duenez, Aldundia ''ez zegoen inolaz ere prest edozein motatako konpromisoa lortzeko'', baina, orain, ''zabortegietara itzuli nahi du''. ''Denbora benetan baliagarria galdu dute'', Itxasoren ustez.
Aurkeztutako zentsura-mozioak eragindako ''larrialdia'' dela-eta, Bilduren gobernuak ''jarrera'' aldatu duela uste du PSE-EEk, baina ''aldaketa berandu dator zentsura-mozioa ekiditeko'', Itxasok argitu duenez.
Zentsura-mozioaren biharamunean hasita, Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko ''garai berria'' irekitzea eskatu diote Garitanori.
''Zentsura-mozioaren ondorioak ezkutatu nahi dituzte''
Juan Carlos Cano PPko Gipuzkoako bozeramailearen ustez, Garitanorekin egindako bilerak ''zentsura-mozioaren ondorioak murrizteko helburua baino ez du izan''. Ohar batean, negatiboki baloratu du Canok bilera. ''Ezagutzen genituen arrazoi teknikoak azaldu dizkigute'', esan du.
Ostegun honetan EAJko ordezkariekin bilduko dira Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak.