Gizartea -
BIZKAIA
38 barraskilo erraldoi afrikar atzeman dituzte Bilboko aireportuan, bidaiari baten maletan
'Achatina fulica' espezie inbaditzailea da, azkar ugaltzen da eta giza osasunerako arriskutsuak diren parasitoak transmititzeko gaitasuna du.
EITB MEDIA
Guardia Zibilak 38 barraskilo erraldoi afrikar atzeman zituen martxoaren 9an Bilboko aireportuan, Paristik barrena Nigeriatik zetorren bidaiari baten maletan, Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzak gaur jakinarazi duenez.
Emakume baten gauzen artean, zaku batean, Achatina fulica espezieko 38 barraskilo zeuden, bizirik. Batez beste, 10 zentimetro inguruko luzera zuten, guztira, 5,3 kilo barraskilo.
Espainiako Barne Ministerioaren oharraren arabera, Achatina fulica espeziea munduko barraskilo izurri handienetakoa da, giza osasunerako arriskutsuak diren parasitoak transmititzeko gaitasuna duelako eta sartzen den ekosisteman desoreka ekologikoa eragiten duen espezie inbaditzailea delako.
Agenteek berehala atzeman zituzten barraskiloak, eta bidaiariaren kontrako salaketa aurkeztu zuten natura ondarea eta biodibertsitatea babesten dituen legea urratzea leporatuta.
Guardia Zibilaren jarduketak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailera bidali dituzte.