Gizartea -
Agresión sexual
Bere iloba 13 aldiz bortxatu zuela aitortu du epaiketan gizonezko batek
Fiskaltzak 12 urte, 6 hilabete eta egun bateko zigorra eskatu du gizonezkoarentzat. Biktimak egikaritzen duen akusazio partikularrak bat egin du eskakizun horrekin.
Agencias | EITB Media
Iloba bortxatzea leporatuta atxilotu zuten gizonezko batek egindakoa onartu du gaur epailearen aurrean. Hain zuzen ere, bere etxe berean bizi zen iloba 13 aldiz bortxatu zuela aitortu du. Neskatilak 12 eta 13 urte artean zituen garai hartan.
Egin duen aitortza laburrean bere ilobak salatu zituen bortxaketen ardura bere gain hartu du akusatuak. Fiskalaren galderei erantzunez, aitortza hori "modu askean" egin duela gaineratu du.
Aitortza entzun eta gertakizunak konfirmatzen dituzten beste hainbat proba aurkeztu ondoren, Fiskaltzaren ordezkariak 12 urte, 6 hilabete eta egun bateko zigorra eskatu du gizonezkoarentzat. Biktimak egikaritzen duen akusazio partikularrak bat egin du eskakizun horrekin.
Epaiketan zehar, instrukzio garaian biktimak egin zuen deklarazioa proiektatu dute aretoan, ateak itxita. Ondoren, biktimaren amaren deklarazioa ere modu berean egin da.
Erasoak gertatu zirenean gaztetxoak ikasten zuen eskolako tutoreak ere deklaratu du. Gertatu zena "oso gogorra" izan zela esan du eta irakasle gisa daramatzan 41 urteetan horrelakorik "sekula ez duela ikusi" aitortu du.
Gertaerak 2020ko azaroa eta 2021eko apirilaren 15ª artean izan ziren Gipuzkoako udalerri batean, Fiskaltzaren behin behineko akusazioaren idatziak azaltzen duenez.