Gizartea -

PALEONTOLOGIA

Dinosauro espinosaurido espezie berri baten hezurrak aurkitu dituzte Errioxan

Xabier Pereda, Euskal Herriko Unibertsitako paleontologo eta ikertzailea da Igea herrian fosilak aurkitu dituen taldeko burua.

Xabier Pereda EHUko ikertzailea aurkitutako hezurdurarekin. Argazkia: EFE
Xabier Pereda EHUko ikertzailea aurkitutako hezurdurarekin. Argazkia: EFE
Xabier Pereda EHUko ikertzailea aurkitutako hezurdurarekin. Argazkia: EFE

EFE | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Pereda paleontologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak zuzendutako ikerketa-talde batek dinosauro espinosaurido baten fosil ugari aurkitu ditu Igean (Errioxa), eta aurkitutako materialaren aurreazterketaren arabera, litekeena da dinosauro mota horretako espezie berri bat izatea.

2022ko uztailean "Virgen del Villar 2" aztarnategian egindako aurkikuntza ostiral honetan aurkeztu zuten komunikabideen aurrean. Espinosauridoei dagozkien lau eskeleto partzial aurkitu zituzten hasieran eta askoz ere osoagoa zen bosgarren eskeleto bat azken kanpainan. Hain zuzen ere, Iberiar Penintsulan inoiz aurkitu den espezie honetako eskeleto osoena da eta, ziur aski, Europako osoena ere bai. Orain arte aurkitutako osoena Ingalaterrako Baryonyx zen eta haren pare bada, Peredak adierazi zuenez. Aztarnategiaren "aparteko balioa" nabarmendu zuen EHUko ikertzaileak eta oraindik ere indusketak ez dituztela amaitu gehitu zuen.

Datozen hilabeteetan baieztatu beharko dute espezie berria dela, aurkitutako material guztiaren ikerketa amaitu eta erregistro paleontologikoan argitaratuta, baina ziur agertu ziren.

Hala, espinosaurido espezie berri hori Iberiar Penintsulan gaur egun dauden hiru espezieei gehituko litzaieke: Castellonen aurkitutako "Vallibonavenatrix", Teruelgo "Camarillasaurus" eta Portugalgo "Iberospinus" dira beste hirurak.

xabier-pereda-patxi-saez-benito-dinosaurio-rioja-efe-3

Ia hiru metroko altuerako superharraparia

Igeako Zentro Paleontologikoan gorde duten azken hezurdura handi hori aztertuta, ikertzaileek ondorioztatu dute dinosauro horrek 7 eta 8 metro arteko luzera zuela, 2,5 eta 3 metro arteko altuera eta 1.300 eta 1.500 kilo bitarteko gorputz-masa.

Espinosauridoek garezur luzexka zuten eta krokodiloenak bezalako hortz konikoak. Superharrapariak ziren eta batez ere arrainak jaten zituzten, baina baita beste animalia batzuk ere, muskerrak eta krokodiloak, esaterako.

Ikertzaileek uste dute, ziur asko, duela 120 milioi urte bizi izan zirela Errioxako inguru horietan eta aintzira handi baten ertzean zelatan egongo zirela, ur ez sakonetan arrainak eta beste ornodun batzuk harrapatzeko, igeri aktiboa egin beharrean.

Peredak azaldu zuenez, Errioxa funtsezko eskualdea da dinosauro talde horren bilakaera ulertzeko, eta, aldi berean, mundu mailan erreferentzia da espinosauridoen azterketan, 170 aztarnategi baititu, jatorrizko egoeran. Horietako 30 'Ikniten Bidean' sartuta daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Historia Errioxa