Gizartea -

Lege berria Euskadin

Identifikatzeko behin behineko dokumentua izango dute transexualek

Sexua ofizialki aldatu bitartean, identifikaziorako behin behineko dokumentu egokia eskainiko die Administrazioak Euskadin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Transexualei osasun arreta eta laguntza psikologiko eta juridikoa eskainiko dien legea onartu du Eusko Legebiltzarrak ostegun honetan.

Horri esker, Administrazioak identifikaziorako behin behineko dokumentu egokia eskainiko die Euskadiko transexualei, sexu aldaketa ofizialki egin bitartean.

Edonola ere, EAEn bakarrik erabili ahal izango dute dokumentu hori, beste lurraldeetan ez baitu baliorik izango.

Bestalde, Euskadiko osasun zerbitzuak hormonen tratamendua eta ebakuntza plastiko-kirurgiakoak emango ditu, beste tratamendu batzuez gain. Halaber, Euskadiko administrazio publikoek egitasmoak eta neurriak gauzatuko dituzte enplegua eta kontratazioa sustatzeko.

Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera jarriko da indarrean legea. Horrekin, ildo honetako araudia martxan jarriko duen bigarren erkidegoa izango da Euskadi, Nafarroaren ondoren.

Legebiltzarrak “heriotza duina” izateko eskubideak eztabaidatuko ditu

Legebiltzarrak “heriotza duina” izateko gaixoen eskubidea erregulatzea bilatzen duen lege proposamen baten izapideak abiatzea adostu du. Lege hori Aralarrek bultzatu du, eta, besteak beste, ebakuntza medikoari uko egitea jasotzen du, bizitza arriskuan jarri arren.

Testuan jasotzen denez, medikuen tratamenduari uko egitea ez luke eutanasia jarduera izan behar, horrekin ez delako heriotza bilatzen; kontrara, sufrimendua arintzea eta ekiditea zein bizitzaren amaierako prozesua gizatiarragoa egitea bilatzen da,idatzi horretan jasotzen denez.

Zuzenketen izapideak Legebiltzarreko datorren bilkuran garatuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea