Gizartea -
EGURALDIA
Udako beroa martxoan: tenperaturak 30 graduraino iritsi dira Euskal Herriko leku askotan
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaurko EAEn, sute arriskuagatik.
EITB MEDIA
Sasoiari berez ez dagokion beroarekin amaituko da martxoa, 30 gradurainoko tenperaturekin. Euskalmetek jakinarazi duenez, gaur tenperatura maximoek gora egingo dute, berriro, eta giroak udako itxura hartuko du, batez ere iparraldean, hor izango baita hego-haizearen eragina nabarmenagoa. Kostaldeko zenbait lekutan tenperatura altuenak 30 gradu inguruan ibiliko dira.
Era berean, hego-haizea indartsu ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Zerua ez da erabat garbi egongo, eta tarteka erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko dira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaurko EAEn, bereziki Kantauri isurialdean, sute arriskuagatik.
Bihar, osteguna, tenperaturak ez dira hain altuak izango, baina halere epel egingo du: 20 eta 24 gradu artekoak izango dira maximoak kostaldean. Gainerako tokietan ere behera egingo dute termometroek. Hodei gehiago agertuko dira: barnealdean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira nagusi, batez ere goizean. Barnealdean, berriz, hego-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da, bolada zakarrekin.
Ostiralean hodeiak ugaritu egingo dira eta ipar isurialdean zerua tarteka oso hodeitsu geratuko da. Tarteka euri txikia egin dezake han-hemenka. Tenperatura altuenak ez dira 20 gradutik pasatuko.